Anttoni Cristobalen bizitza pelikula bat egiteko modukoa da. Bere ama Urretxutik Madrilera joan zen lan egitera eta Anttoni han jaio zen. Ama erditzean hil zen eta amama Madrilera joan zen bere bila. Gotzon Linazasororekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituen. Abuztuan 93 urte beteko ditu.

Anttoniren ama (Francisca Etxeberria) Urretxutik Madrilera joan zen markes batzuen etxean lan egitera eta Anttoni etxe hartan jaio zen. Ama bera jaio eta berehala hil zen eta bere amama (Antonia Etxeberria) Madrilera joan zen bere bila. Gotzon Linazasororekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituen. Horietako bat, Gurutz Linazasoro neurologo ezaguna. Alargundu zenean, mundu osoan zehar bidaiatu zuen. Abuztuan 93 urte beteko ditu eta mugikortasuna galdu du, baina dotoretasun eta umore apur bat ere ez du galdu.
Anttoniren ama Madrilgo Guadalix herriko mutil batekin ezkondu zen. Ama erditzean hil zen. Familiari abisatu zioten eta amama Madrilera joan zen trenean, biloba jaio berriaren bila. Anttonik 15 egun zituen Urretxura heldu zenean. “Amamak alabari lurra eman, ni bataiatu, epaitegitik pasa eta Urretxuko Goiko Kalera ekarri ninduen. Heldu ginenean, Joxepa Lasak eman zidan titia. Eta amama lanera joaten zenean, Seberiñoko Rosariok zaintzen ninduen”.
Hunkitu egiten da bere amamaz hitz egiten duenean. “Sekula esan didaten gauzarik politena nire amamaren antza dudala da. Oso gaztetan alargun gelditu zen, bost seme-alabekin. Garai hartan ez zegoen pentsiorik. Arraina saltzeari ekin zion. Ez zegoen hozkailurik eta Benito Pildain nire lehengusua eta biok Santos Agirrerengana joaten ginen izotz bila. Gure amamak Urretxuko eta Legazpiko kaleetan sartzen zuen arraina, gurdi batekin”.
Estraperloa
Aurrerago, amamak janari-denda ireki zuen Urretxun (Ezpeleta denda dagoen tokian). Garai hartan bizitza gogorra zen eta Anttoni estraperlorako erabiltzen zuten. “Egunero Azkoitira joaten nintzen, Urolako trenean. 40 bat ogi erosten nituen eta ondoren amamaren dendara ekartzen nituen. Osaba Aniceto Badiolatarren fabrikaren ondoan ikusten banuen, ogiak han bota behar nituen, karabineroak geltokian zeudela esan nahi baitzuen. Inoiz ogi zakua amamaren dendaraino oinez eraman nuen, Ertsolegitik. Kafea ere pasa nuen, baina arriskutsuagoa zen, usaina baitzuen. Eta Iparraldera ere joan izan nintzen, sakarina bila. Amamak poltsikodun gerriko bat egin zidan horretarako”.
Koxkortu zenean, Teodoro San Vicenteren enpresan lan egin zuen. “Mojekin mekanografia ikasi nuen eta Ramoni Telleriak frantses apur bat eta takigrafia irakatsi zidan. Telefono gutxi zeudenez, inguruko tailerren eskari guztiak hartzen nituen. Eta Faustino Sarasua Tourreko emaitzen bila etortzen zen. Emaitzak emateko deitzen zidaten, nik Faustinori pasatzen nizkion eta honek Pacorro tabernara eramaten zituen. Bertan, arbel batean jartzen zituzten”.
Gotzon Linazasoro zumarragarrarekin ezkondu zenean, bulegoko lana utzi zuen. “Zelai Ariztiko dantzaldian ezagutu ginen, oso gaztetan. Oso gizon zintzoa zen. Bere anaia Iñaki (Tolosako alkate izan zena) irekiagoa zen. Iñaki dandy bat zen. Behin, zetazko zapi bat ekarri zion Gotzoni, Filipinetatik. Gotzoni gorbatarik ez jartzeko esan nion, bera anaiak ekarritako zapia jartzeko. Baina berehala kendu zuen: Manolo Escobar ematen zuela esan zuen”.
Mendiko botak zetazko zapiak baino nahiago zituen. “Oso mendizalea zen. Nire seme Mikel ere oso mendizalea da. Himalaian egon da, 66 urterekin. 6.500 metroko mendi bat igo du”. Nolako zura, halako ezpala. Carlos Linazasoro Altzeta (Gotzonen aita eta Mikelen aitona) ere oso mendizalea zen. Euskal Mendizale Federazioko sortzaileetako bat izan zen eta baita lehendakaria ere. Politikan ere aritu zen eta EAJk inoiz izan duen euskarazko hizlari onena dela esaten da.
Lau seme-alaba izan zituen bost urtetan: Mikel, Gurutz, Ane Miren eta Xabier. “Guztiak oso zintzoak dira. Txikia mugituagoa izan zen, baina, egun, bera da nitaz arduratzen dena. Honduraseko neska baten laguntza ere badut. Marta du izena eta etxeko lanak egitera etortzen da. Oso ondo konpontzen naiz berarekin”.
Irratia eta katuak
Sei biloba eta bost birbiloba ere baditu. Beraien eta bere lagunen bisita jasotzeaz gain, irratia entzutea gustatzen zaio. Irakurtzea asko gustatzen zitzaion, baina arazo bat medio, irakurtzeari utzi behar izan dio. Xabierrek hamalau katu ditu eta berak ez diola grazia handirik egiten esaten du, baina goizero katu guztiak ondo al dauden galdetzen du.
Asko bidaiatu du: Jerusalem, Turkia, Errusia, Polonia, Italia eta Austria bisitatu ditu, besteak beste. “Gaur soinean daramadan blusa Vienan estreinatu nuen”, dio.

Anttoni eta Gotzon, beraien seme-alabekin, alabaren jaunartze egunean.

Anttoni, bere seme-alabekin, bere ezkontza egunaren 50. urteurrenean.

Bere seme-alabekin eta bilobekin, Gurutzek Zumarragako jaietako pregoia irakurri zuen egunean.

Anttoniren amama, arraina saltzen, Urretxuko Areizaga kalean.