Txirrindulari zumarragarrak 1976an Kanadako Montreal hirian egin ziren Jokoetan parte hartu zuen

Pariseko Joko Olinpikoak abian dira. Lehen aldiz, Urretxuk eta Zumarragak ordezkari bana izango dute: Imanol Gartziandia Alustiza eskubaloi jokalari urretxuarra eta Elene Lete Para futbolari zumarragarra. Pixkanaka, Joko Olinpikoetan parte hartu duten herritarren zerrenda loditzen ari da. Guztien artean lehenengoa, Antonio Juantegi Eguren (Zumarraga, 1898–Donostia, 1966) futbol jokalaria izan zen. 1924ko Jokoetan parte hartu zuen. Joko haiek ere Parisen izan ziren. Bigarrena Juan Jose Moral (Burgos, Espainia, 1951) txirrindularia izan zen. Moral Legazpira etorri zen gaztetan eta egun Zumarragako Eitza auzoan bizi da.
1976an Montrealen (Kanada) egin ziren Jokoetan parte hartu zuen. Oso esker oneko ageri da beti Ramon Mendiburu hautatzailearekin, lau txirrindulari bakarrik eraman baitzitzakeen. “Ondo aritu nintzen. Ihesaldia egin zenean, dena emateko unea zela konturatu nintzen, baina zangoek kale egin zidaten. Hala ere, 30 lehenengoen artean iritsi nintzen”.
Joko Olinpikoetan parte hartzea sekulakoa dela dio. “Hiri olinpikoko giroa, lehiaketa guztiak ikusteko aukera… Niri boxeoa, saskibaloia eta halterofilia gustatzen zitzaizkidan. Baita gainontzeko kirolariak nola elikatzen ziren ikustea ere”.
Moral txirrindulari handia izan zen. 1975ean Bakearen Lasterketan (ekialdeko herrialdeetako Tourra) parte hartu zuen Espainiako selekzioarekin eta bigarren etapa irabaztea lortu zuen, ihes eginda. Bera da Bakearen Lasterketako etapa bat irabazi duen euskal herritar bakarra. Altzairuzko Oihalaren garaian, oso gutxi ziren Ekialdeko Europako herrialdeetara joateko aukera zuten mendebaldeko europarrak. Moral horietako bat izan zen.
Gainera, 1971n afizionatu mailako Espainiako txapelketa irabazi zuen, 1974ko Munduko Txapelketan parte hartu zuen, afizionatu mailako Italiako Giroan parte hartu zuen, afizionatu mailako erlojuaren aurkako Espainiako Txapelketa irabazi zuen 1976an eta urte hartako Suitzako Itzulian laugarren postuan sailkatu zen. Irlandako Itzulian bigarren postuan sailkatu zen, Sean Kelly handiaren atzetik. Sekulako errodadorea izan zen, baina zorte txarra izan zuen. 1976an SuperSer taldearekin fitxatu zuen eta bere bizitzako denboraldi onena egin zuen. SuperSer-ek profesional mailako taldea zuen, baina 1976ko Tourrean taldean arazoak izan ziren eta taldea desegin zuten. Agustin Tamamesek bere talde berrirako deitu zion, baina egitasmoa bertan behera gelditu zen. Hala, txirrindularitza uztea erabaki zuen.
Iazko maiatzean Bakearen Lasterketaren 75. urteurrena ospatu zuten eta Moral festara gonbidatu zuten. Horren inguruko erreportajea irakurtzeko, sakatu hemen.