Akordeoilari urretxuarrak, Iñaki Pinedorekin batera, 'Hauspoa&Tunela' ikuskaria grabatzeari ekin dio, Goierrin bertan. Arlo berri horrekin "oso ilusionatuta" dagoela aitortu du. AEBetan, orain astebete, 'Oparoa' lana estreinatu zuen.
Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarra kameren atzean jarri da. Sare sozialetan gaur berak jakinarazi duenez, dokumental batean kozuzendari ariko da. Eta ez edonorekin. Iñaki Pinedo bilbotar zuzendariarekin batera egingo du Hauspoa&Tunela dokumentala. 2012ko Goya sarietarako bost izendapen izan zituen Pinedo, Beste Gernikak filmagatik.
Goierrin bertan ekin diote grabaketari. Hermosak zabaldu dituen argazkietan, Antioko baselizan ageri dira elkarrizketak grabatzen. Proiektu hori eta heldu dion diziplina berria abenturatzat hartu du, eta “oso ilusionatuta” dagoela aitortu du.
Bestetik, Hermosak azken arrakasta AEBetan izan du. Bi kontzertu eta hitzaldi bat egin zituen han, uztailaren 27tik 31ra bitartean. Beau Beadsoe gitarra jotzaile eta Coleen Dieker biolin jotzaile estatubatuarrekin hirukotea osatuz jo du batean, baita bakarka ere.
Beste kontzertuan, Oparoa konposizioaren mundu mailako estreinaldia zuen Hermosak. AEBen luze-zabaletik joandako 75 akordeoilariko orkestrak estreinatu du urretxuarraren pieza. Joan C. Sommer zuzendari eta akordeoilariari eskainitako obra da, haren 90. urtebetetzerako idatzia. Sommerrek berak zuzendu zuen orkestra, uztailaren 31n Kansas Cityko Unibertsitateko Auditoriumean.
Argazkiak: Gorka Hermosaren Facebooketik.
(lehenik AEBetakoak, behean dokumentalaren grabaziokoak)