Urretxu eta Zumarragako herri kirol taldearen lan bikaina Goierriko Hitzaren 20. urteurreneko lehiaketan
Goierriko Hitzaren 20. urteurren festa ospatu zen atzo Lazkaon, egun osoko egitarauarekin. Eguna girotzen hasteko, goiz-eguerdi partean, erraldoiak eta buruhandiak izan ziren, dultzaineroen musikarekin. Arratsaldean Bakuntza taldeak alaitu zuen kaleko giroa, eta herri kirolen txanda izan zen ondoren.
Eskualdeko zazpi herriren arteko lehia bizia ikusi ahal izan zen herri kiroletan jaialdian. Lazkaoko plaza jendez bete zen desafioa ikusteko eta partaideak animatzeko. Lazkao, Idiazabal, Olaberria, Gabiria, Urretxu-Zumarraga, Ataun eta Beasain izan ziren zazpi taldeak, eta Lazkaokoak gailendu ziren azkenean. Hasieran, taldeek hainbat proba egin zituzten. Urretxu-Zumarragako taldeak bigarren denbora onena egin zuen eta finalerako txartela sokatiran jokatu zuen, Lazkaoren aurka. Lazkaotarrak nagusitu ziren eta, hala, beraiek lortu zuten finalerako txartela. Finala Idiazabalen aurka jokatu zuten eta nagusitu egin ziren.
Herri kirolen ondoren, festak jarraipena izan zuen. Trikitilarien doinuek poteoa alaitu zuten, eta eguna amaitzeko, afaria izan zen Lazkaoko plazako frontoian.