Urretxuko Udazkeneko Musika Zikloa igandean hasiko da, Villabonako Eresargi abesbatzaren kontzertuarekin
Igande honetan Urretxuko 38. Udazkeneko Musika Zikloa hasiko da. Igandean Villabonako Eresargi abesbatzak abestuko du, hilaren 27an Urretxu eta Zumarragako Goiargi abesbatzak, azaroaren 3an Indonesiako The Resonanz Children’s Choir abesbatzak eta azaroaren 10ean Donostiako Santa Zezilia abesbatzak. Kontzertu guztiak San Martin de Tours elizan izango dira, 19:00etan.
Udazkeneko Musika Zikloa gaur aurkeztu dute, Urretxuko kultur etxean. Ekitaldian Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak eta Javier Arratibel Goiargi abesbatzako zuzendariak parte hartu dute.
Fidalgok Goiargiren lana txalotu du. «Udazkeneko Musika Zikloaren arrakasta Goiargiri zor diogu. Izan ere, urtero abesteaz gain, antolaketan eta abesbatzen aukeraketan laguntzen dute».
Arratibelek antolaketan parte hartzen duten guztiei eskerrak eman dizkie. «Urretxuko Udalari eskerrak eman nahi dizkiot. Bereziki, Maialeni eta kultur teknikariei. San Martin de Tours elizakoei ere eskerrak eman nahi dizkiet».
Ondoren, aurten parte hartuko duten abesbatzen berri eman du. «Aurten, Gipuzkoako hiru talde eta Indonesiako bat izango ditugu. Eresargik oso programa bariatua egingo du. Goiargiri dagokionez, urtean zehar ikasitako kantak abestuko ditugu», aurreratu du.
Urtero Tolosako nazioarteko lehiaketara lehiatzera etorritako abesbatza batek parte hartzen du eta aurtengoa Indonesiakoa izango da. «2017an lehen saria lortu zuten Tolosan. Europako lehiaketan Tolosako lehiaketa ordezkatu zuten eta hori ere irabazi egin zuten».
Bukatzeko, azaroaren 10ean Donostiako Santa Zezilia abesbatzak abestuko du. «Duela 20 urte ere Urretxun abestu zuten. Ordutik, taldea, zuzendaria eta proposamena berritu dituzte», amaitu du.