
Oiarbide harategiak Euskal Herriko txorizo egosi lehiaketa irabazi du, bigarrengoz. Oiarbide harategiko nagusia Patxi Arangiz da eta hiru harategi ditu: Zumarragan, Beasainen eta Zegaman.
Azpeitian jokatu zen larunbatean txorizo egosi lehiaketa, 17. Ardo dastaketa egunarekin batera. Arangiz “pozik” dago sariarekin, baina nahiz eta bigarren urtea izan “ezustean” harrapatu duela aitortu du. “Iaz zortea izango zela pentsatzen genuen, baina ez genuen bigarren aldiz berriz irabaztea espero”, esan du.
Txorizo egosi batek ona izateko “materia prima ona” behar du, ez dago sekretu gehiagorik. Oiarbideren kasuan, “inguruko haragia erabiltzen dugu txorizoak egiteko, Berrobikoak dira gure txerriak”, esan du.
Guztira, Gipuzkoako eta Nafarroako 19 harategik hartu zuten parte lehiaketan. Arangizen txorizoa izan zen onena 38 punturekin, Olaztiko (Nafarroa) Pako harategiak (36 puntu) eta Zarauzko Biyona harategiak (35 puntu) jarraituta.
Oiarbide harategiak Zegaman ireki zuen lehendabiziko denda, baina Beasainen eta Zumarragan ere badituzte dendak gaur egun. Txorizoak, txistorrak eta saltxitxoiak egiten dituzte, besteren artean.