
Urola Garaia mankomunitateko kideek Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala irakurri zuten atzo Urretxuko udaletxean. Horra hor adierazpena:
“Beijingo Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena; hiru hamarkada berdintasunaren bidean.
Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma adopzioaren 30. urteurreneko ospakizunarekin bat egin nahi dugu. 1995ean Beijingen egin zen Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian adostutako akordioek genero-berdintasuna, emakume eta neska guztien ahalduntzea eta giza eskubideak gauzatzeko munduko ibilbide-orria abian jarri zuten.
Ibilitako azken 3 hamarkadetan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, baina bilakaera desorekatua izan da eta oraindik munduko herrialde bakar batek ere ez du lortu emakumeen eta gizonen arteko genero-berdintasuna. Hala eta guztiz ere, berdintasun-indizeek aurrerapena nabarmena izan dela erakusten dute, berdintasun-politiken araudi- eta erakunde-garapena eta mugimendu feministaren bultzada iraunkorra bateratu diren testuinguruetan.
30. urteurren horrek konpromisoak eta borondateak berritzeko aukera ematen digu, Beijingen adostutako berdintasunaren helburuak lortzeko, beharrezkoak diren baliabideak bideratuz, erronkei eta oraindik dirauten oztopoei aurre egiteko.
Euskal erakundeek eta, bereziki, tokiko gobernuek, 30 urte hauetan metatutako ebidentzia dute, eta horrek agenda feminista globalean oinarritutako berdintasun-politiken bermatu eta legitimatu egin du.
Euskal udalek genero-berdintasunaren lorpena bizkortzeko mundu-mugimenduarekin bat egin dute, emakumeen eta nesken ahalduntzearen eta emakumeen eskubideen defentsaren aldeko apustua eginez. Tokiko eremutik arlo kritiko globaletan aurrera egiten laguntzeko Urola Garaiko Mankomunitateak eta berau osatzen duten Udalek ondorengo konpromisoak hartuko dituzte:
Tokiko arreta- eta koordinazio-protokoloaren bidez, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimak eta bizirauleak onbideratzeko bideak martxan jarri eta indartu
Herritarren artean, indarkeria matxistari aurre egiteko programak garatzea, gizonak eta mutikoak bereziki mugiaraziz; hala nola, eskualdeko haur eta nerabeen arten indarkeria eta ziber-indarkeria matxista prebenitzeko programaren bidez.
Zainketen ekonomia eraldatzeko tokiko prozesuak abian jartzea, ikuspegi feministatik”.