
Areizaga etxea (Baroikua izenarekin ere ezaguna) Urretxuko eraikin dotoreenetakoa da. Hala, bertan egiten ari diren obrak herritar askoren jakinmina piztu du. Igogailu berria jartzen ari dira. Zaharra 1990eko hamarkada hasieran jarri zuten eta bosgarren solairuraino iristen zen. Etxeak sei solairu ditu, ordea. Berria seigarren solairuraino iritsiko da.
Areizaga etxea Felipe Areizaga baroiak eta bere anai Bernardok eraiki zuten XVII. mendearen erdialdean. Hasieran hiru solairu zituen: behekoa eta beste bi. Independentziako guda (1808-1813) hasi zen arte Areizaga familiaren etxea izan zen. Guda garaian Frantziako armadak konfiskatu egin zuen, kuartel eta ospitale bezala erabiltzeko. Negargarri utzi zuten. XX. mendearen erdialdean ikastetxe bezala erabili zen eta elkarte gastronomiko baten egoitza ere izan zen. Oso egoera txarrean zegoen. 1960ko hamarkadaren hasieran, Rufino Berjerandi eraikitzaileak erosi egin zuen eta etxebizitzak egin zituen bertan. Handitu egin zuen, bai zabaleran eta bai altueran.
Fatxada, teilatu-hegala eta armarriak eraikina egin zenekoak dira. Ikusgarriak benetan. Areizaga familia Zumarragakoa zen jatorriz. XVI. mendean Urretxura joan ziren. XVII. mendean Europako gerretan parte hartu zuten eta horri esker baroi titulua eta beraien armarriko arranoak eskuratu zituzten. XVIII. mendean merkataritzan lan egin zuten eta Caracaseko Errege Konpainia Gipuzkoarraren sorreran parte hartu zuten. XVIII. mendearen amaieran Urretxutik joan ziren. XIX. mendean Napoleonen aurka borrokatu zuten. Beraien ondorengo batzuk Donostian bizi dira.