Jacinto Calabor eta Josefa Fincias zumarragarrek beraien ezkontzaren 65. urteurrena ospatu dute. Urte berean jaio ziren, herri txiki batean. Umetatik ezagutzen dute elkar.

Gutxi izango dira elkarrekin Jacinto Calaborrek eta Josefa Finciasek baino denbora gehiago eman duten pertsonak. Zumarragako bikote honek ezkontzaren 65. urteurrena ospatu du, baina askoz ere denbora gehiago pasa dute elkarrekin. 90 urte, ia. Bizitza osoa, ia. Izan ere, urte berean jaio ziren, herri txiki batean. Hala, umetatik ezagutzen dute elkar eta eskolara ere elkarrekin joan ziren.
Fincias eta Calabor 1936an jaio ziren, Faramontanos de Tabara (Zamora, Espainia) herrian. Eskolara elkarrekin joan ziren eta umetatik lan egitea tokatu zitzaien: gurasoak nekazariak ziren eta soroko lanetan laguntzen zieten. 1960an ezkondu egin ziren eta 1961ean, beraien herriko beste hainbat lagun bezala, Calabor Zumarragara etorri zen Esteban Orbegozo enpresan lan egitera. Alaba nagusia (Mari Jose) Zamoran jaio zen.
Garai hartan etorkin asko iritsi ziren Zumarragara eta ez zegoen denentzako etxerik. Hala, Fincias eta Calabor etxez etxe ibili ziren: osaba batzuen etxean, Agiñan, Ezkion, Artiz auzoan… Azkenean, Eitzagako San Gregorio kalean etxea erosi zuten. Duela urte batzuk Nafarroa plazara jaitsi ziren, beraien alabengandik gertuago egoteko. Hiru biloba dituzte: Mikel, Miren eta Elene.
Bilobak
Seme-alabei bizitza hobeago bat emateko Zumarragara etorri ziren eta biloben alde ere gogor lan egin dute. «Amak etxean lan egin du beti eta nire ahizpari asko lagundu zion bere seme-alabekin. Nire ilobak seme-alaben modukoak dira nire gurasoentzat. Nik alaba izan nuenerako gurasoak adinekoak ziren, baina hala ere amak asko lagundu zidan. Haurtzaindegira joaten zen Eleneren bila, etxean ahalik eta denbora gehien eman zezan», azaldu du Begoñak.
Beraien belaunaldiko beste bikote askotan gertatzen den bezala, gizonezkoa emakumezkoa baino kalezaleagoa da. «Ama bere etxean oso gustura egoten da. Gainera, dagoeneko kosta egiten zaio ateratzea. Gurpildun aulkian atera ohi dugu. Ama tradizionala da: familiako guztioz kezkatzen da. Aita umoretsua eta lagunartekoa da. Naurala. Jendearekin hitz egitea gustatzen zaio. Berarekin lan egin zutenek beregatik galdetzen didate ikusten nauten bakoitzean. Biek ahal duten guztia egiten dute gure alde», aipatu du.
Larunbatean ezkontzaren 65. urteurrena ospatu zuten, Zumarragako Etxeberri jatetxean. Familia guztia elkartu zen. Oso egun berezia izan zen. Izan ere, 60. urteurrena ezin izan zuten ospatu, pandemia betean geundelako. «2020. urtean pandemia betean geunden eta ez nintzen beraien etxean sartzera ausartzen ere. Hala, ezin izan genituen Diamantezko Ezteiak ospatu. Ezkontzaren 65. urteurrena ahalik eta hobetoen ospatzea erabaki genuen, baina gurasoak iritsiko ez ziren beldur ziren. Larunbatean oso urduri zeuden. Ezin zuten sinistu. Ilusio handia zuten. Gu ere oso hunkituta geunden».