Jaurlaritzak bi milioi ordaindu dizkio udalari ospitaleko obragatik eta diru horren zati handi bat Mendizabal eta Orbegozoko obrak egiteko erabiliko du

Asteartean osoko bilkura egin zuten Zumarragan. Mikel Serrano alkateak (PSE-EE) eta Aritz Elgarresta zinegotziak (EH Bildu) sutsuki eztabaidatu zuten bi gairen inguruan: udalaren egoera ekonomikoa eta Metal 78 enpresaren egitasmoa.
Udalak 1,6 milioi euroko kreditu gehigarri bat onartu zuen, PSE-EEren eta EAJren aldeko botoarekin. EH Bilduk aurka bozkatu zuen. Jaurlaritzak eraikin berria egin behar du ospitalean eta bi miloi euro ordainduko dizkio udalari zergetan. Diru horrekin, udalak Mendizabal poligonoko eta Esteban Orbegozoko obretako hurrengo faseak ordainduko ditu.
Elgarrestak udalaren egoera ekonomikoa txarra dela, inbertsioak egiteko ez ohiko diru sarrerak behar dituela eta dirua zuhurtzia gehiagoz gastatu beharko lukeela esan zuen. «Aurrekoan 700.000 euroko kreditu gehigarria onartu zen eta oraingoan 1,6 milioikoa. 2,3 milioi guztira. Udalak bi milioi euroko diru sarrera du ospitaleko eraikin berria dela eta, baina ez gara informatuak izan. Likidazioan ikusi dugu. Aurreko likidazioan defizita 174.000 eurokoa izan zen. Ez ohiko sarrera hau gabe, defizita bi milioitik gorakoa litzateke. Eta soberakina azken 14 urteetako baxuena da. Udalak arazoak izango zituela esan genuen eta guk esandakoa betetzen ari da».
Beste toki batzuetan administrazioek ez diotela elkarri zergarik kobratzen gehitu zuen. «Espainian administrazio publikoek ez diote zergarik kobratzen elkarri. Eta jaurlaritzak, kasu hauetan, hobariak eskaintzeko eskatu die udalei. Bestalde, osasun publikoarekin konpromisoa badago, bi milioi horien zati bat osasun publikora bideratu beharko litzateke. Mendizabal poligonoko eta Esteban Orbegozoko obren alde gaude, baina bi obra horietan milioi bat baino gehiago gastatuko da. Zuhurtziaz inbertitu behar da. Bestalde, ospitaleko obra aurreikusitakoa baino merkeagoa bada, udalak diruaren zati bat itzuli beharko dio jaurlaritzari. Eta ziur obra aurreikusitakoa baino merkeagoa izango dela. Izan ere, pleguetan aurrekontu baxuak aurkeztea saritzen da. Ez al litzateke zuhurragoa izango obra esleitu arte itxarotea?».
Serranok EH Bilduren iragarpenak ez direla inoiz betetzen erantzun zion. «Jaurlaritzari dirua itzuli behar bazaio, hor dugu soberakina. Espainian administrazioek ez diotela elkarri zergarik kobratzen diozu. Zur eta lur uzten nauzu. Nik gure legeak defendatuko ditut beti. Aldundiak jaurlaritzari zerga hori kobratzeko aukera ematen digu, diru horrekin Zumarragan inbertitu ahal izateko, eta zuk jaurlaritza hobariak eskatzen ari dela diozu. Aldi berean, diru hori osasunean inbertitzeko eskatu duzu. Zurrupatu eta putz egin, aldi berean. Hori ez da posible. Zerga hori baliatuko dugu ala ez? Sekula esaten ez duzuna Arcelorren itxiera dela eta azken zortzi urteetan 10 milioi euro jasotzeari utzi diogula da. Eta hala ere, zerbitzuak eskaintzen jarraitu dugu».
Denbora epaile
Elgarrestak denborak bakoitza bere tokian jarriko duela erantzun zion. «Guk ez dugu obrarik ez egiteko esan, zuhurragoak izateko baizik. Bi hilabete itxaroteko. Udalak ez du egoera ekonomikoa eraldatzeko proiekturik. Gu ez gaude zerga hori kobratzearen aurka, baina argi utzi nahi dugu ez ohiko sarrera bat dela».
Serranok ere denborak bakoitza bere tokian jartzen duela esan zuen. «Zure aurrekoek interpretazio zentroa egitearen aurka bozkatu zuten eta, egun, bertako taberna noiz ireki behar den galdetzen dute. Aurki albiste onak izatea espero dut. Zure aurrekoek Arcelor ixtea eskatu zuten eta ondoren itxieraren aurkako manifestazioetan parte hartu zuten».
Arcelor 2016an itxi zen eta aurki Metal 78 enpresak katalizatzaileak birziklatzeko lantegia irekiko du bertan. Serranok egitasmoaren berri eman zuen. Horren inguruan ere sutsuki eztabaidatu zuten. «Beste enpresa batzuk etorri ez izanaren arduradun izatea leporatu didazue. Horietako batek Defentsa ministerioaren baimena behar du eta ez dut horrelako enpresen etorrerarik babestuko. Telleria enpresa Zumarragan gelditzearen alde nahikoa ez egitea ere leporatu didazue. Bere garaian Nicolas Telleria zenak enpresa handitzeko laguntza eskatu zidan eta Telleriaren tailer ezberdinak elkartzeko ahalegina egin genuen, baina dirudienez ez zuten bizilagunekin akordiorik lortu. Ondoren, Arcelorrekoei Telleriakoekin hitz egiteko eskatu nien, bertan ezarri zitezkeen edo ez aztertzeko. Jose Luis Romerok, Telleriako kudeatzaileak, niri esker Arcelorren beraienganako jarrera hobea izan zela esan zidan».
Elgarrestak, Arcelorrera enpresak erakartzeko ahalegin handiagoa egin behar dela esan zuen. «Gipuzkoan lurzoru industrial erabilgarri gutxi dugu. Hori dela eta, Arcelorren aukera paregabea dugu. Gainera, Goierrin eta Debagoienan enpresa indartsuak ditugu eta horietako batzuen buru herriko jendea dugu. Mankomunitatean industria mahaia sortu behar da gai hori lantzeko».
Bestalde, minduta azaldu zen Serranok Arcelor itxi nahi izana leporatu zielako. «Arcelorren gertuko asko nituen. Ingurumen araudia betetzeko esatea eta ez da ixteko esatea. Bestalde, armagintza industria militarrarekin nahasten ari zara. Zumarragara etorri nahi zuen enpresak kirolerako armak egiten ditu. Horregatik behar du Defentsa ministerioaren baimena. Zuk ez etortzea erabaki zenuen eta eztabaida publikoa lapurtu zenuen».
Baimenik gabeko enpresak
EH Bilduk, Arcelorren baimenik ez zuten enpresak aritu direla ere salatu du. «Kontu hori dela eta, herriko familia batek gaizki pasa du. Bestalde, zepa tratatzeko lantegiaren aurka jo zenuten, baina Gipuzkoako EH Bilduk ez zuen gai horri buruz hitz egin nahi izan kazetari batekin. Eta bai, zinegotzi batek Arcelor ixteko eskatu zuen. Ingurumen araudia aipatu duzu: enpresak kutsadura gaina jotzen zuenean, jarduera gelditzen zuen. Mankomunitatean industria mahaia sortu nahi duzue: botere gehien duzuen tokietan foro paraleloak eratzea da zuen helburua», esan zuen Serranok.