Urretxu eta Zumarragako pentsiodunek 2.355 sinadura lortu dituzte gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzearen alde

Urola Garaiko Pentsiodunen Batzarrak kanpaina bat egin du sinadurak biltzeko, gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatu ahal izateko. Ezkio, Itsaso, Gabiria, Urretxu, Legazpi eta Zumarragan bildu dira sinadurak. Helburua Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez 10.000 sinadura biltzea zen, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bultzatu duen Herri Ekimen Legegilea legebiltzarrean eztabaidatzeko onartu ahal izateko, gutxieneko pentsioak gutxieneko soldataren parekoak izan daitezen. Une honetan, gutxieneko soldata 1.184 eurokoa da, 14 ordainsaritan. Helburua aise bete da, 140.000 sinadura baino gehiago bildu baitira. Eta Goierri garaiko herriak ez dira atzean geratu: 2.355 pertsonak babestu dute pentsiodunen lana. Urola Garaiko Pentsiodunen Batzarrak eskerrak eman nahi dizkie kanpaina horretan parte hartu duten gizon eta emakume guztiei. Eskerrak eman nahi dizkie baita ere udalei bere baliabideekin bilketa hori errazteagatik eta lagundu dieten pertsona guztiei.