Jordi Corominas eta Sebastian Alvarok parte hartuko dute eta bekaren zenbatekoa 2.500 eurotik 7.000 eurora igo da

Maiatzaren 29an eta 30ean Xabier Ormazabal Beka topaketa egingo da, mendizale urretxuarra omentzeko eta mendizale belaunaldi berriei laguntzeko. Lehen aldiz, ekitaldiak bi egunetan izango dira eta bekaren zenbatekoa 2.500 eurotik 7.000 eurora igo da. Urretxuk 500 euro gehiago jarri ditu (3.000 guztira) eta The Walk On Project fundazioak eta Mendi Film Festibalak 2.000na euro jarri dituzte.
Topaketa maiatzaren 29an (osteguna) hasiko da. 19:00etan, Al filo de lo imposible programa mitikoaren sortzaile Sebastian Alvarok Mis montañas liburua aurkeztuko du Urretxuko udaletxeko portaloian. Alvarok 250 espedizio baino gehiago egin ditu azken 40 urteetan. Nazioarteko alpinismoaren erreferente, kazetari, idazle eta abenturazale nekaezina da.
Maiatzaren 30ean (ostirala), 19:00etan Labeaga aretoan, makina bat ekitaldi izango da. Hasteko, Legazpiko Elbereth taldeak joko du. Talde honek abesti bat eskaini zion Xabier Ormazabali. Ondoren, bekaren berri emango dute eta iaz beka jaso zuen Ainhoa Unanuek diru-laguntza horrekin aurrera atera duen egitasmoaren berri emango du. Unanueren aurkezpenaren ondoren, Ainhize Belar eskalatzaile elorriotarraren film laburra emango dute. Belarrek 9a+ mailako horma bat igo du, Josune Bereziartu aitzindaria berdinduz. Film laburraren ostean, Janire Etxabek dantza bertikalaren berri emango du. Dantza bertikala pareta batean egiten da, soka batetik zintzilik. Mokadutxoa egin eta gero, Jordi Corominas alpinistak hitzaldia egingo du. Corominas K2 mendia hego-mendebaldetik eta oxigeno artifizialik gabe igo duen lehen pertsona da eta bi aldiz irabazi du Urrezko Pioleta nazioarteko sari ospetsua.
Ekitaldiak atzo aurkeztu zituzten, Urretxuko udaletxeko portaloian. Aurkezpenean Andoni Ormazabal antolatzaileak eta Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak parte hartu zuten. Fidalgok dagoeneko bederatzigarren edizioa dela eta inoiz baino indartsuago helduko dela esan zuen. Ekitaldiaren kartelaz ere hitz egin zuen. “Berezia da. Oso argazki polita da. K2 mendia ikusten da, denda baten barrutik. Mendizaleen sentipenak sinbolizatzen ditu”.
Ormazabalek Corominas Urretxun izatea “ohorea” dela aipatu zuen. “Urrezko Pioleta lortu duen Estatuko mendizale bakarra da. Ibilbide oparoa du eta umiltasunetik egin du. Hitzaldi gutxi eman ditu eta ziur hausnarketa sakonak utziko dizkigula. Alvarok ere sekulako ibilbidea du”.
Bukatzeko, Fidalgok bekaren zenbatekoa handitzearen garrantzia azpimarratu zuen. “Ez da diru kopurua igo dela bakarrik, baita kolaboratzaile berrien eskutik heldu dela ere”.
Bekaren helburua mendizale gazteei laguntzea da. Izan ere, Xabier Ormazabal gazte hil zen mendizalea izan zen. Urretxuarrak SESB ohiko 7.000 metrotik gorako bost tontorrak (Komunismo, Khan Tengri, Pobeda, Lenin eta Korzhenevskaya) igo zituen eta, horrenbestez, Elurretako Lehoinabarra titulua lortu zuen. Ondoren, Himalaiara joan zen. Cho Oyu mendian hil zen.
Beka 2017an sortu zen, Andoni Ormazabal anaiaren bultzadari eta Urretxuko Udalaren laguntzari esker. Sortu zenetik, alpinismoko hainbat pertsona ezagun igaro dira bertatik, hala nola Patxi Usobiaga, Gorka Karapeto, Alex Txikon, Alberto Iñurrategi edo Felipe Uriarte. Proiektu asko aurkeztu dira: espedizio handiak, gidak, liburuak eta ikus-entzunezkoak. Urte batean beka aurkezten duten eta hurrengoan Mendi Festa (Street Boulder herrikoia, proiekzioak eta sari ematea) egiten dute. 2023an bost proiektu aurkeztu ziren eta Ainhoa Unanue Bereziartuari eman zioten saria.