Osakidetzak testa bidali die 50 eta 74 urte bitarteko herritarrei eta astelehenean topaketa mediko-gastronomikoa egingo dute Kasino elkartean gaiaren garrantziaz kontzientziatzeko

Koloneko minbiziaren detekzio goiztiarra oso garrantzitsua da. Hori dela eta, Osakidetzak gutuna bidali die 50 eta 74 urte bitarteko herritarrei, gorozkietan ezkutatutako odolaren testa egiteko kitarekin batera. Horretaz gain, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak, Osakidetzarekin eta Zumarragako Udalarekin batera, topaketa mediko-gastronomiko bat antolatu du herrian. Bertan parte hartzera gonbidatzen ditu proba horren xede diren herritarrak. Topaketaren helburua herritarrak testa egitearen garrantziaz jabetzea da.
Topaketa datorren astelehenean (maiatzak 19) izango da, 18:00etan, Zumarragako Kasino elkartean. Menu osasungarria prestatuko duen sukaldari batek parte hartuko du. Ekitaldia Maider Sierrak moderatuko du, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko prebentzioko psikologoak. Asteleheneko ekitaldian Ainara Iriarte Zumarragako Ospitaleko Digestio arloko doktoreak ere parte hartuko du.
Osasunarekiko kezka duten herritar guztiei irekitako jarduera da. Izen-ematea doakoa da eta Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen telefono zenbakira deituz (943 45 77 22) edo gipuzkoa@contraelcancer.es helbide elektronikora mezu bat bidaliz eman daiteke izena.
Topaketa horren helburuak koloneko minbizia gizonei bakarrik eragiten dien gaixotasuna den ustea desmitifikatzea, gaixotasun hori saihesteko moduak ezagutzera ematea eta herritarrak beraien osasunaz arduratzea da. Eguneroko dieta prestatzeko eta zaintzeko orduan kontuan hartu beharreko jarraibide osasungarriak emango dira eta ezaugarri horiek biltzen dituen menu bat egingo da bertaratutakoen aurrean.
Izan ere, ikerketa eta prebentzioa dira koloneko minbiziari aurre egiteko giltzarriak. Elikadura orekatua izatea, tabakoa eta alkohola ez kontsumitzea eta ariketa fisikoa egitea da minbizia prebenitzeko modu onena.
Asteleheneko topaketan, detekzio goiztiarreko probak egitearen garrantzia ere azpimarratuko da: bai gorozkietan ezkutatutako odolaren testarena eta bai minbizi horri lotutako aurrerapen guztiena. Gorozkietan ezkutatutako odolaren testa ez da inbaditzailea, azkar egiten da eta ez du minik ematen. Gorozkietan ikusten ez den odola detektatzen du, koloneko polipoak edo lesioak garaiz aurkitzeko. Izan ere, polipo eta lesio horiek tumore gaizto bat eragin dezakete.
Testigantza
Enrique Martin donostiarrak oso ondo daki zein garrantzitsua den koloneko minbiziaren detekzio goiztiarreko proba egitea, proba horrek bizitza salbatu baitzion. «Duela lau urte, 49 urte nituenean, egun batean etxera iritsi nintzen eta Osakidetzaren gutuna ikusi nuen. Ez nuen sintomarik (gorotzetan odolik ez, minik ez…), baina proba egitea erabaki nuen. Mundu guztia proba egitera animatzen dut».
Hilabete baten ondoren emaitza eman zioten: positibo. «Medikuak lasai egoteko esan zidan, positibo asko egoten direla. Baina kolonoskopia egitera urduri joan nintzen, noski. Medikuak sekulako minbizia nuela esan zidan. Operatu egin ninduten… eta orain arte. Nire kasuan, detekzio goiztiarreko probak bizitza salbatu zidan. Hilabete batzuk beranduago detektatu izan balizute… agur, esan zidan zirujauak», oroitzen du Martinek.
Maider Sierrak kasu askotan koloneko minbiziak berandu detektatzen dela aipatu du. «Batzuetan, koloneko minbiziak odola, beherakoa, idorreria… eragiten ditu. Komunera joaterako orduan aldaketak, finean. Baina kasu askotan isila da. Ez da detektatzen beranduegi den arte. Hori dela eta, oso garrantzitsua da proba egitea», azaldu du Sierrak.
%72ak
Osakidetzaren gutuna jasotzen dutenen %72ak detekzio goiztiarreko testa egiten du, baina helburua %100era iristea da. Martinek eta Sierrak beldurrak alde batera utzi eta testa egiteko eskatu diote jendeari. «Koloneko minbizia intzidentzia altuena duena da. EAEn aitzindariak gara testa egiteko orduan. 12 urte daramatzagu eta 12 urte horietan bizitza asko salbatu dira testari esker», aipatu du Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko prebentzioko psikologoak.
Zenbat eta lehenago diagnostikatu, hobe. «Garaiz detektatuz gero, kolonoskopia egitearekin nahikoa izan daiteke. Nik operazioa eta kimioterapia behar izan nituen, baina hemen nago», amaitu du Martinek.