
Ibano Cerezo artistak eta herriko nerabeek mural bat margotu dute Urretxuko Jose Mari Lasa plazan, herriak aniztasunarekin eta bizikidetzarekin duen konpromisoa islatzeko. Egitasmoa Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak sustatu du. Herrian zurrumurruen aurka egin den lana ikusarazi nahi da, gizarte barneratzaileagoa eta aurrejuzkurik gabea bultzatzeko.
Zurrumurruen aurkako egitasmoan DBH4ko ikasleek parte hartzen dute, unitate didaktiko baten eskutik. Helburua zurrumurruen eta desinformazioaren eraginez sortzen diren aurrejuzkuek eragiten duten arrazakeriarekin eta xenofobiarekin bukatzea da. Gazteei zurrumurruak identifikatzen irakasten zaie, beraien eragina ulertzeko eta zurrumurruak desegiten estrategiak garatzeko.
Aurtengo edizioan Iparragirre institutuko eta Urretxu-Zumarraga Ikastolako ikasleek parte hartu dute. Amaiera emateko, aipatutako murala egin dute. Bertan, nerabeen hausnarketak jaso dituzte. Gazteek hainbat bozeto egin dituzte eta lau hautatu dira. Ibane Cerezo artistak egokitu egin ditu eta margoketa lana gidatu du.