
Jose Ignacio Asensio diputatuak eta Mikel Serrano alkateak Eitzaga atzealdeko obra bisitatu dute gaur, Lurkide enpresako arduradunekin batera. Bertan, aldundiarekin diruarekin, erreka aire librera atera dute. Serranok horri esker asteleheneko euriteak ez zuela kalterik eragin esan du. “Ubide berriak asteleheneko euritea jasan zuen. Duela urte batzuk, erreka lurrazpitik zihoanean, ura San Gregorio 19 eta 21eko garajeetara sartu zen”, gogoratu du.
Alkateak aldundiaren eta udalaren arteko elkarlana goraipatu du. Aldundiak lehen fasea ordaindu du (erreka aire librera ateratzea eta lurrak mugitzea) eta udalak bigarrena ordaindu du. Bigarren fase horretan parkea egingo da, zumearen industria gai hartuta. Zumea landatuko da eta zumearekin lan egiten zuten enpresen argazkiak jarriko dira. Horretaz gain, arraska bat egingo da, garai batean Eitzagako emakumeek arropa garbitzeko erabiltzen zutenaren oroimenez. Obra irailean edo urrian amaituko da.
Lurkide enpresako Jonmikel Murua ere pozik azaldu da. “Obraren helburuetako bat uholdeak saihestea da eta astelehenean uholdea saihestea lortu genuen. Obra hau egin aurretik erreka lur azpitik zihoan eta ubidea toki batzuetan puskatuta zegoen. Obrari esker, erreka auzoan integratu dugu. Horretarako harriak eta lurra erabili ditugu. Bizitzeko toki erosoa eta dotorea izango da”.
Asensiok ere hitza hartu du. “Eskerrik asko egindako lanagatik, bikaina da”, esan die obran lan egin dutenei. “Astelehenean bizi izan genuen egoera bezalakoak bizi beharko ditugu etorkizunean, geroz eta gehiago, klima aldaketa dela eta”.

Erreka (gaur) eta, eskuinean, duela urte batzuk urez bete zen San Gregorio 19 eta 21eko garajea.