
Hodei Otaegi Saez de Guinoa gazte urretxuarrak, bere aitona Lucasek duela 40 urte baino gehiago Legazpiko Laubide kalean ireki zuen taberna itxita ikusteaz nekatuta, berriro irekitzea erabaki du. Lagunen laguntzarekin lokala txukundu du eta bihar (ostirala) arratsaldean irekiko du. Inaugurazioa 19:00etan izango da. 19:00etatik 20:00etara pintxoak, garagardoa, ardoa eta freskagarriak doan izango dira.
Otaegi Urretxun jaio zen, baina Legazpiko Hegialde auzoarekin lotura estua du. “Nire aitona-amonak Hegialden bizi ziren. Amonak Laubideko Lorea denda zuen. Aitonak Patricio Etxeberrian eta elektrikari gisa lan egin zuen eta ondoren Edorta taberna ireki zuen Laubiden bertan. Edorta nire aitaren izena da. Aitonak 10 bat urte eman zituen tabernan. Taberna 1980 inguruan ireki zuen eta 10 bat urte eman zituen bertan. Ondoren, Julianek hartu zuen. Baina Julianek utzi zuenetik, inork ez du denbora luzean zabalik eduki”.
Aitonaren taberna itxita ikusteak pena ematen zion eta berak irekitzea erabaki du, Julen Sasieta lagunaren laguntzarekin. Aitonak ezin izango du taberna berriro zabalik ikusi, pandemian hil baitzen. Amonari eta aitari ilusio handia egin die taberna irekitzeak. “Lan handia dela esan didate. Gogorra dela. Baina behar nuen guztian lagundu didate. Bidea erraztu didate”.
Taberna 08:30ak aldera irekiko du, gosariak emateko. Poteatzaileak eta gazteak erakartzea ere espero du. “Taberna todoterrenoa nahi dugu. Jatekorik ez dugu emango, lan handia baita. Pintxoren bat bakarrik. Aitonak taberna ireki zuenean Laubiden sekulako giroa zegoen, Slader dantzalekua zabalik baitzegoen oraindik. Ea guztion artean auzoa berpiztea lortzen dugun”.
Hegialde auzoa asko maite du, umetatik auzoarekin lotura baitu. “Txikitatik etorri gara bertara. Amonaren dendako goiko solairuan elkartzen ginen. Ni ez naiz auzoko parte oraindik, baina auzoa nire parte da”.
Auzotarrek harrera bikaina egin diote. “Tabernara sartzen dira galderak egitera, nire aitonarekin lotutako istorioak kontatzen dizkidate… Anaiak eta biok harreman estua izan genuen aitonarekin. Izan ere, autoa zuen eta gure etxera etortzen zen. Oso trebea zen eta etxeko konponketak egiten zituen. Eta udan Orioko kanpinera joaten ginen aitonarekin eta amonarekin. Aitona oso eskuzabala zen. Bizia”.