
Urretxuko udalbatzak EAJ eta PSE-EE udal taldeek elkarrekin aurkeztutako mozioa onartu du aho batez, Gazako Zerrendan 2023ko urriaz geroztik bizi den egoera humanitarioa irmoki gaitzesteko eta Palestinako herriari, baita mundu osoko gerren eta giza eskubideen urraketen biktima guztiei, elkartasuna adierazteko.
Testuan gaitzetsi egiten da bai Hamasek 2023ko urriaren 7an egindako erasoa, bai eta Israelek Gazan palestinar populazio zibilari eragiten dion “genozidioa” ere. Mozioan berehalako eta iraunkorra izango den su-eten bat, lurralde okupatuetatik indar militarrak erretiratzea eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzea eskatzen da. Halaber, Europar Batasunari eskatzen zaio Israelekin dituen harreman komertzial eta politikoak berrikustea eta Genevako Hitzarmenen betetzea bermatzeko bere eragina erabiltzea.
Gainera, mozioak eskatzen du laguntza humanitarioa sartzeko bide seguruak irekitzea, Gazako blokeoa amaitzea eta gerra-krimenen inguruko nazioarteko ikerketekiko babesa ematea, baita Palestinako populazioa behartuta lekualdatzeko edo mugak aldatzeko edozein saiakeraren aurkako jarrera hartzea ere.
Urretxuko Udalak berretsi egiten du, halaber, Nazio Batuen Palestinako errefuxiatuentzako agentzia den UNRWAk egiten duen lanarekiko babesa, eta konpromisoa hartzen du akordio hau Estatu, Europa eta nazioarteko mailako agintariei zein gizarte eta giza eskubideen aldeko hainbat erakunderi helarazteko.