Parte hartzaileak Goierri, Deba Garaia eta Urola Kosta eskualdeetatik igaroko dira. Edizio honetan Oñamendi gailurreko postontzia berriz bisitatzeko aukera izango da bide berri batetik.

Iñaki Beitia Mendi Martxaren 27. edizioa egiten ari dira gaurko egunean. Azken edizioetan bezala, ibilbide bakarra egingo da aurten ere: 32,5 kilometroko eta 1.700 metroko desnibel metatuko ibilbidea. Parte hartzaileak Goierri, Deba Garaia eta Urola Kosta eskualdeetatik igaroko dira.
Irteera Areizaga/Kalebarren plazan egin dute parte hartzaileek, 7:00etatik 7:30era bitartean. Bertatik, Irimorako ibilbidea hartu dute errege-bidea jarraituz; Santa Kruz baserriaren inguruan, eta Nebera aldera hartu dute ibilbidea. Handik Trintxuleku eta Arrizuri arteko lepora iritsi dira. Hemendik, Irimoko gurutzerako bidea atzerantz hartu eta gurutzean kontrol postu bat pasa dute. Gurutzetik ostera, Trekutz lepora egin dute bidea eta handik Aizpurutxora joan dira. Bertan anoa-postua eta kontrola aurkitu dituzte.
Aizpurutxotik Mandabideta eta Txerren baserrietara iristen diren pistetatik, Agiñaga auzora joango dira parte hartzaileak, eta bertatik Oñamendi gainetara igoko dira. Jarraian, Samiño gainetik igaroko dira, Pagola, Pagotxoeta eta Elorriaga leporantz jaitsiz. Beloki gainera igo eta Antiotik igaro ondoren, Urretxu-Zumarragan amaituko dute ibilaldia.
-
Kontrolak: Areizaga/Kalebarren plaza, Irimo, Aizpurutxo, Agiñaga, Samiño, eta Areizaga/Kalebarren plaza.
-
Anoa-postuak: Trekutz, Aizpurutxo, Agiñaga, Pagotxoeta eta Areizaga/Kalebarren plaza.
Zenbait berrikuntza
Edizio honetan Oñamendi gailurreko postontzia berriz bisitatzeko aukera izan dute parte hartzaileek bide berri batetik: Iñaki hil zeneko 25. urteurrenean inauguratu zena. Era berean, Aizpurutxotik zuzen Agiñaga auzora igoko dira, Mandabideta eta Txerren baserrietatik, gero handik Samiño aldera abiatzeko. Txerren baserriaren ondoan, Zumarragako azken pagadia ikusi ahal izango dute parte hartzaileek.