Ehunka lagun elkartu ziren Xabier Ormazabal bekaren aurkezpenean

Ostegunean eta ostiralean Xabier Ormazabal Beka topaketa egin zen Urretxun, mendizale urretxuarra omentzeko eta mendizale belaunaldi berriei laguntzeko. Lehen aldiz, ekitaldiak bi egunetan izan ziren. Ostegunean, Al filo de lo imposible programa mitikoaren sortzaile Sebastian Alvarok Mis montañas liburua aurkeztu zuen Urretxuko udaletxeko portaloian. Ostiralean, Labeaga aretoan, makina bat ekitaldi izan zen. Legazpiko Elbereth taldeak jo zuen, bekaren berri eman zuten, iaz beka jaso zuen Ainhoa Unanuek diru-laguntza horrekin aurrera atera duen egitasmoaren berri eman zuen, Ainhize Belar eskalatzaile elorriotarraren film laburra eman zuten, Janire Etxabek dantza bertikalaren berri eman zuen eta Jordi Corominas alpinistak hitzaldia egin zuen. Corominas K2 mendia hego-mendebaldetik eta oxigeno artifizialik gabe igo duen lehen pertsona da eta Urrezko Pioleta nazioarteko sari ospetsua irabazi du. Ekitaldiaren amaieran txapela oparitu zioten. Mikel Zabalzari, berriz, Eli Azurmendi artistak egindako koadro bat oparitu zioten: Zabalzak Pirinioetako Telera mendian irekitako bide bati Malen izena jarri zion (Andoni Ormazabal antolatzailearen alabaren izena) eta familiak koadroa oparitu zion, esker onez. Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete ekitaldian parte hartu zuten guztiei (aretoa bete zuten) eta mendizale gazteei bekara aurkezteko gonbita luzatu diete. 24 urtetik beherako mendizale guztiek aurkeztu ditzakete beraien proiektuak.
Horra hor Gattikeneko Aritz Ormazabalek ateratako argazki bikainak.