
Agiña auzoko Oleta elkarteak 50. urteurrena ospatuko du irailaren 6an. Gaur arratsaldean prentsaurrekoa egin dute elkartean bertan elkartearen historiaren, urteurren ospakizunen eta igandeko Trinitate jaiaren berri emateko. Prentsaurrekoan Ane Aierbek, Arantxa eta Miren Josu Begiristainek, Aingeru Legorburuk eta Julen Zabaletak parte hartu dute.
Elkartearen historiaren berri Miren Josu Begiristainek eman du. “Auzoan ez zegoen elkartzeko tokirik eta auzoko eskolako umeak Zelai Arizti ikastetxera bideratu zituztenean, Azkoitiko udaletxera joan ginen eskola guri uzteko eskatzera. Diktadura garaia zen eta eragozpenak jarri zizkiguten, baina azkenean lortu genuen. Eraikina auzolanean txukundu genuen. Inaugurazioa 1975eko abuztuan izan zen”. Hasieratik emakumezkoen eta gizonezkoen elkartea izan zen. “Gipuzkoak, Gabirikoak eta gu izan ginen lehenak”.
50 urte hauetan makina bat ekitaldi antolatu dute: festak, trikitixa txapelketak… Begiristainek Kepa Junkerak, Tapia eta Leturiak eta Errobi taldeak Agiñan jo zutela gogoratu du. “Ekitaldiak elizan egiten genituen, oraindik ez baitzegoen pilotalekurik. Errobi etorri zenean ikurrina ez zen legezkoa oraindik, baina elizaren atarian ikurrina bat zabaldu genuen. Oso hunkigarria izan zen”.
Urte hauetan guztietan elkartean lan egin dutenak gogoratu ditu: Antton, Patxi, Eulogio, Floren, Joxe, German… Irailaren 6ko festa hil direnak gogoratzen hasiko dute, hain zuzen ere: agin bat landatuko dute memoria historikoaren harriaren ondoan. Ekitaldi hori 11:00etan izango da. 12:00etan Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariek abestuko dute, 13:00etan Mikel Larrañaga eta Julen Alberdik aizkora saioa egingo dute, ondoren herri bazkaria egingo dute eta 18:00etan auzoari eta elkarteari buruzko dokumentala emango dute elizan. 19:00etan Oilar Beltzak taldeak kontzertua egingo du.
Kamisetak ere egin dituzte. Marrazkia Mariñe Arbeo auzoko bizilagunak egin du. Azkoitiko eta Zumarragako udalei eta babesleei eskerrak eman dizkiete beraien laguntzagatik.
Urteurren festarako ia hiru hilabete gelditzen dira. Lehenago, igande honetan bertan, Trinitate jaia egingo dute Oletan mendian. Oleta elkartekoek 1977an ekin zioten festa hori antolatzeari. Aurtengo egitarauari dagokionez, 10:00etan Agiñatik Oletara igoko dira, 11:00etan hamaiketakoa egingo dute, 12:00etan meza izango da, 13:00etan herri kirol erakustaldia hasiko da eta ondoren herri bazkaria egingo dute. Bazkarian 100 lagun baino gehiago elkartu ohi dira eta Oletara 100 lagunek bazkaltzeko behar den guztia eramateko gogor lan egin behar dela gogoratu dute.
Oleta elkarteak 31 bazkide ditu egun eta Julen Zabaleta gazteena da. Gazteak bazkide egitera eta elkartearen eta auzoaren alde lan egitera animatu dituzte.