Mendi lasterketetan hamabi urteko ibilbidea egin ondoren, gorenean lehiatzeari uztea erabaki du Aritz Egeak. Kirolaz gozatu nahi du aurrerantzean ere.

Zegama-Aizkorriren ondorioak nabari dira Aritz Egea mendi lasterkariaren (Urretxu, Gipuzkoa, 1984) orkatiletako batean, eta hura babestua duela azaldu da hitzordura. Hitz errazekoa da, eta ahobizarrik gabe hitz egiten duten horietakoa.
Lehia albo batera uztera zoaz. Hala adierazi zenuen Zegama-Aizkorri baino astebete lehenago. Nolatan?
Lehiatzeari utzi nahi diot, baina ez dut kirola uzteko asmorik. Nire bizitzaren zati handi bat da kirola, eta ezinbestekoa da nire bizitzan. Konpromisorik gabeko zerbaiten bila joan nahi dut, eta ia ziurra da datorren urtean ez dudala mendi lasterketarik jokatuko. Lehiatzeko ikasi ditudan horiek desikasi behar ditut. Hori ezinbestekoa da lasterketa batean lehiatzeko asmoz ez ateratzeko. 14 urte nituenetik ibili naiz lehiatzen; lehenik txirrindularitzan, ondoren, triatloian eta, azkenik, mendi lasterketetan. Aldaketa baten beharrean nago.
Asmatuko al duzu?
Baietz uste dut. Milaka ideia dauzkat buruan bueltaka. Bizikletan, esaterako, zikloturisten Flandriako Tourra korritu nahi dut, eta errepideko maratoi bat egitea ere gustatuko litzaidake. Oraindik ere egin gabeko gauza asko dauzkat kirol munduan.
Zergatik hartu duzu erabakia?
Ez dago arrazoi bakar bat. Hasteko, adina. Lehiatzeko gaitasuna behera doa, eta nik jada eman dut nire onena. Jokatu nahi nituen lasterketa ia gehienak jokatu ditut, eta ia urtero lasterketa antzekoak jokatzera eraman nau horrek. Bestalde, ez dut gogorik beste lasterketa batzuk ezagutzeko. Gainera, familiaren momentu asko galdu ditut azken urteetan. Sentipen hori oso barruan daukat. Emaztea askotan joan izan da mendira umeekin bakarrik, ni entrenatzen ari nintzen bitartean. Azken hamabi urteetako oporrak nire entrenamenduek baldintzatu dituzte. Gauza horiek guztiak kontuan hartuta, zerbait aldatu behar nuen. Lagunekin ere gauza asko galdu ditut: bazkariak, parrandaren batzuk…
Zama handia kendu zenuen gainetik erabakia iragarri zenuenean?
Bai, izugarria! Aurreko egunak tentsio handikoak izan ziren. Etxekoek ere ez zekiten zer erabakiko nuen, nahiz eta bazekiten pentsatzen ari nintzela. Egun batean emazteari esan nion iritsi zela eguna. Hark esan zidan beldurra ematen ziola erabaki hori hartu izanak, etorkizunean zer etorriko ote zen [barreak]. Gurasoei ere jakinarazi nien erabakia. Hasieran, geroxeago jakinarazi nahi nuen, baina jada jende askok zekien.
Horiek guztiak kontuan hartuta, aurtengo Zegama-Aizkorri berezia izango zen, ezta?
Bai. Alergia izan nuen berriro, eta lasterketan izandako emozioek ere berezi bihurtu zuten. Sancti Spiritura iritsi nintzenean, eta familia besarkatu nuenean, pentsatzeko modua aldatu nuen. Lehia han bukatu zela konturatu nintzen. Handik aurrera, bidean topatu nituen lagunak besarkatuz joan nintzen, esaterako, aita, Eneko Aliende eta Aimar Lizarazu lagunak… Izugarri gozatu nuen bidean, eta oso maitatua sentitu nintzen.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.