
Arterialdia kultur ekitaldia egin dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Arteriakideek, Arteria egitasmoan parte hartzen duten eskualdeko artistek, parte hartu dute. Irri Makila jubilatuen antzerki taldeko kideek moda desfile inklusiboan parte hartu dute, Gainzuriko ikasleek dantza egin dute eta Uxue Kerejetak hainbat abesti jo ditu.
Arteria proiektuaren ardatza artea, giza eskubideak ikerketa, elkarlana eta kolaborazioa dira. Helburua, gizakiaren garapena, inklusioa eta gizarte berrikuntza bermatzea da. Arteriak 179 bazkide ditu egun: 115 sortzaile, 18 hezkuntzako agente, 15 erakunde, 15 gizarte eragile, 11 eragile, hiru komunikabide eta bi enpresa. Gaur, Arteria egitasmoan parte hartzen duten eskualdeko artistek azken hilabeteetan egindako lana erakutsi dute. Hasteko, Uxue Kerejeta musikari zumarragarrak ikusleen sarrera girotu du.
Ondoren, moda desfile inklusiboa egin dute Leire Santillan diseinatzaile urretxuarrak eta Beasaingo Andramendi ikastolako ikasleek sortutako jantziekin. Pasarelara Zumarragako jubilatuen Irri Makila antzerki taldea, Ordiziako Garaguneko erabiltzaileak, Atzegiren Beasaingo etxebizitzako pisukideak, Andramendi ikastolako ikasleak, Ordizia Kolore egitasmoko kideak eta Ordiziako Lagunkiro egitasmoko kideak igo dira. Garbitu aurpegia film laburra ere eman dute. Ormaiztegiko San Andres ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek egin dute eta giza eskubideak, genero berdintasuna eta hezkidetza ditu ardatz.
Emanaldiaren ondoren, Andoni Salamerok, Marta Lopez de Gaunak eta Gorka Larrañagak Arteriaren 2024ko diru-laguntzarekin sortutako artelana eta Concetta Probanzak Emakumeen Etxearen azpian eta Ibane Cerezok Urretxuko Gazte Bideanean egindako muralak aurkeztu dituzte.
Ondoren, Gainzuriko Dantzari Zoroak taldeak eta Oihane Vicentek dantza ikuskizuna egin dute. Bukatzeko, German Urteaga beasaindarrak bertso batzuk abestu ditu.