
Igandean Lurra taldeak Dantzari Txiki eguna egin zuen Urretxun. Etorkizuna (Altsasu), Aurtzaka (Beasain), Ortzadar (Iruña), Oñatz (Oñati), Kemen (Irun), Andra Mari (Galdakao), Irrintzi eta Lurra taldeek parte hartu zuten.
Asteburuan taldearen 60. urteurrena ospatuko dute. Ostiralean, 18:30ean, Momorrotxoak: kaos baten istorioa dokumentala emango dute Labeaga aretoan. Sarrerak ordu bete lehenago jarriko dituzte salgai, aretoan bertan. Larunbatean, 12:00etatik 14:00etara, haurrentzako jolasak egongo dira Urretxuko kaleetan. Ondoren, herri bazkaria egingo dute Gernikako Arbola plazako karpan. 17:00etatik 19:00etara erromeria egingo dute Gernikako Arbola plazan, Gauargi taldearekin. Igandean, 12:00etan, Gamazada ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da, Iruñeko Ortzadar dantza taldearen eskutik. Eguraldi ona egiten badu Gernikako Arbola plazan izango da eta txarra egiten badu Ederrena pilotalekuan.