Soriako Villar de Maya herrian jaio zen eta egun Beasaingo Arangoiti erresidentzian bizi da

Julia Fernandez Calleja zumarragarrak 102 urte bete ditu gaur. Juliak alaba bat du, Rosa, eta bi biloba, Jorge eta Sara.
Julia Villar de Maya (Soria, Espainia) herrian jaio zen. Angel Fernandezekin ezkondu zen eta Arnedillon (Errioxa, Espainia) bizi izan ziren. Senarrak meategi batean lan egiten zuen. Ondoren, Bartzelonara (Herrialde Katalanak) joan ziren. Han, kontserje lanetan aritu ziren. Erretiroa hartu zutenean, Arnedillora itzuli ziren. Negua Zumarragan pasatzen zuten, alabarekin.
Senarra 2009an hil zen, 90 urterekin. Juliak Arnedillon bizitzen jarraitu zuen, osasun arazoak izan zituen arte. Urretxuko eguneko zentrora joaten zen eta egun Beasaingo Arangoiti erresidentzian bizi da. Bertako nagusiena da.
Bere alabak Julia “nekaezina” zela dio. “Oso sukaldari ona zen eta eskulanak egitea ere gustatzen zitzaion. Mairi elkarteko kidea izan zen. Beti zerbait egiten zegoen, ez zen geldirik egoteko gai. Eskuzabala, maitakorra eta alaia izan da”.