
Gorka Hermosa akordeoilariak eta Iñaki Pinedo zuzendariak Zumarragak euskal hauspoaren historian izan duen garrantziari buruzko dokumentala egin dute, Zumarragako Udalaren laguntzarekin. Gonbidatuen artean Fermin Muguruza, Kepa Junkera, Bernardo Atxaga, Jon Maia eta Toti Martinez de Lezea daude. Abuztuaren amaieran herritarrek erromeria bat antzeztu zuten San Kristobalen dokumentalerako. Urrian, berriz, Hermosak kalejira bat grabatu zuen. Dokumentala hilaren 30ean aurkeztuko dute, 20:30ean, Euskadi plazan. Dokumentalaren bideoklipa ere egin dute. Abestia Gorka Hermosak konposatu du. Historiako lehen trikiti grabazioan (1924an Zumarragako Trikitixak grabatutako kopla) eta 2014an Kepa Junkerak Zumarragako Trikitixaren omenez egindako piezan oinarritu da. Hitzak Jon Maiarenak dira. Bideoklipean Garikoitz Mendizabalek (txistua), Kepa Urteagak (ahotsa, soinua eta panderoa), Maddi Madinak (ahotsa), Kepa Junkerak (soinua), Gorka Hermosak (akordeoia) eta Kenare Urteagak (panderoa) parte hartu dute.