
Ainhoa Barbarin Iurrebaso urretxuarra baldintzapeko askatasunean geratu da, Etxeratek berri eman duenez. Barbarinek 23 urte zeramatzan preso. 2021eko apirilean Picassenteko espetxetik (600 kilometrora) Euskal Herrira hurbildu zuten, eta 2022ko urrian hirugarren gradua eskuratu zuen, Martuteneko kartzelako tratamendu batzordeak horrela proposatu ostean, Lakuako Gobernuko Justizia Sailaren erabakiaren ondorioz.
Beste asko bezala, euskal presoen kalerako lege bidezko progresioaren aurka Auzitegi Nazionalak abiatutako oldarraldiaren jomuga izan zen, eta Espetxe Zaintzako Epaitegiak hirugarren gradua kendu eta espetxera itzularazi zuten 2023ko otsailean. Hilabete batzuk beranduago, uztailean, berriro onartu zioten hirugarren gradua, baina orduko hartan Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen eta bigarren aldiz kartzelara bueltarazi zuten abuztuaren hasieran. Izan ere, legean eginiko aldaketa baten bitartez, fiskalak helegitea aurkeztea nahikoa da presoa berriz automatikoki espetxeratzeko, Auzitegi Nazionalak erabaki bitartean.
2024ko otsailean berriro hirugarren gradua ezarri zioten Barbarini eta iazko ekainetik baliabide telematikoen bidez bete du espetxe zigorra.