
Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) Gerraren eta Faxismoaren Aurkako Eguna antolatu du larunbaterako. 10:30ean Gerra inperialista eta faxismoaren gorakadaz hitzaldia egingo dute Zelai Arizti kultur etxean, 12:00etan bertso-poteoa eta 14:30ean bazkaria Zumarragako azokan. Ondoren, kontzertua izango da.
Herriko gazteak parte hartzera animatu dituzte. “Azken boladan, aktualitateko joera nagusiak bitan banatu ditzakegu: batetik, gerra inperialista eta horrekin batera estatuen berrarmatze planak eta, bestetik, faxismoaren eta eskuin muturraren gorakada. Horrekin guztiarekin, langile klasearen bizi baldintzak okertzen ari dira. Izan ere, langileriaren pobretzea etengabe handitzen ari da, bizitzaren garestitzea edota lan baldintzen okertzea dela eta. Hori salatzeko eta antolakuntzaren beharra azpimarratzeko, Urretxu-Zumarragako hainbat gazte GKSren komite antifaxistaren baitan antolatu gara, gaur egungo problematika nagusiak landuz eta herrian zehar borroka kulturala gauzatuz”, azaldu dute.