
Urretxun San Joan jaiak ospatuko dituzte gaurtik asteartera bitartean. Asteburuan Lurra dantza taldearen 60. urteurrena ospatuko dute eta San Joan pilota txapelketako finalak jokatuko dira.
Gaur, 18:30ean, Momotxorroak, kaos baten historia dokumentala emango dute Labeaga aretoan. Sarrera doan izango da, aforoa bete arte. Sarrera banaketa 17:30ean hasiko da, Labeaga aretoan bertan.
Bihar, 12:00etatik 14:00etara haurrentzako jolasak izango dira herrian zehar, 14:30ean bazkaria egingo dute Gernikako Arbola plazako karpan eta 17:00etatik 19:00etara Gauargi taldearekin erromeria toki berean.
Gainera, 10:00etatik aurrera, San Joan pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte Ederrena pilotalekuan. Partiden ondoren, Goierri kirol elkarteko pilota saileko gurasoek eta haurrek bazkaria egingo dute. Arratsaldean, haurrek eta gurasoek pilota jokoetan parte hartuko dute Ederrena pilotalekuan.
Igandean, 12:00etan, Iruñeko Ortzadar dantza taldeak Gamazada ikuskizuna egingo du Gernikako Arbola plazan.
Astelehenean, San Joan bezperan, hainbat ekitaldi izango dira. 18:00etan Iparragirre Balerdi musika tailerreko bandak kalejira egingo du. 20:00etan hirurrena izango da Santa Barbaran, 20:30ean San Joan arbola jarriko dute Santa Barbaran, 21:00etan Lizarriturri txistulari elkarteak kalejira egingo du eta 22:30ean San Joan sua piztuko dute. Ondoren, Uxue Kerejetak eta Andoni Oruesagastik trikitixa saioa egingo dute Gernikako Arbola plazan bertan.
San Joan eguna
Asteartean San Joan eguna ospatuko dute. 10:00etan udal ordezkariak Santa Barbarara abiatuko dira udaletxetik, Lizarriturri taldeko txistulariak eta Lurra taldeko dantzariak aurretik dituztela. 10:45ean Zuhaitzaren Soinua taldeko txalapartariek deialdia egingo dute. 11:00etan meza hasiko da. Aspaldiko ohiturari jarraituz, loreak bedeinkatuko dituzte. Lurra taldeko dantzariek ere parte hartuko dute. Mezaren ondoren, aurreskua dantzatuko diete agintariei.
Gainera, 11:00etan toka txapelketa hasiko da, 12:15ean Lurra dantza taldekoen saioa, 12:30ean Irimora igoera eta 13:15ean herri kirol desafioa. Gainera, bertso eskolako bertsolariek abestuko dute.
Irrintzi txapelketa
Bazkalostean ere hainbat ekitaldi izango dira Santa Barbaran. 16:30ean toka txapelketako arratsaldeko saioa hasiko da eta 17:30ean erromeria. Gauargi taldeak joko du. 19:30ean toka txapelketako sariak banatuko dira eta irrintzi lehiaketa hasiko da. Irrintzi lehiaketako sariak banatu ondoren, 20:30ean, Santa Barbaran elkartutako guztiak herrira jaitsiko dira. Jaitsiera Lizarriturri taldeko txistulariek, Iratzarri taldeko dultzaineroek eta trikitilariek lagunduta egingo dute. Aierbe ahizpek, Andoni Oruesagastik eta Uxue Kerejetak joko dute trikitixa.
Urretxuko Udalak autobus zerbitzua eskainiko die Santa Barbarara igotzeko asmoa dutenei. Doakoa izango da. Autobusa gelditu gabe ibiliko da, 10:00etatik 20:30era. Geltokia Labeaga kaleko 14an egongo da (Jose Mari Lasa plazan).