
Astelehenean, 20:30ean, Hauspoa eta tunela proiektua aurkeztuko dute Zumarragako plazan. Gorka Hermosa akordeoilaria eta Iñaki Pinedo zuzendaria dira egitasmoaren sustatzaileak eta udalaren, aldundiaren eta Rural Kutxaren laguntza izan dute. Zumarragak euskal hauspoaren historian izan duen garrantziari buruzko dokumentala egin dute. Zinemaldietara aurkeztuko dute eta ondoren herriz herri eramango dute.
Egitasmoa gaur aurkeztu dute, Antion. Ekitaldian Hermosarekin eta Pinedorekin batera, Zumarragako Trikitixako Kepa Urteagak, Azahara Dominguez Turismo diputatuak eta Mikel Serrano alkateak parte hartu dute.
Serranok hasieratik egitasmoan parte hartzea erabaki zutela esan du. «Soinu txikiak eta trikitixak Zumarragarekin lotura estua dute. Zumarraga harrera herria da trenbidea egin zenetik eta soinu txikia ere trenbidearen eskutik heldu zen. Trenbideak ekarri zituen pertsonek eta kulturek egin dute handi Zumarraga».
Dominguezek egitasmoak herri industrial batean gertatutakoa azaltzen duela azpimarratu du. «Dokumentalak Gipuzkoa eraiki zuten milaka langileen ekarpena eta ezberdinen arteko bizikidetza goraipatzen ditu. Zer garen ulertzeko balio du. Gorkari eta Iñakiri eskerrak eman nahi dizkiet, gerratik ihes egiten duen jendearen harrera zalantzan jartzen den garai batean bizi baikara».
Pinedok dokumentalari esker trikitixa eta Gipuzkoa barnealdea ezagutu dituela esan du. «Dokumentalean kultura ezberdinak elkartzen direnean sortzen den aberastasunaz hausnartzen da. Trenak Zumarraga bidegurutze bihurtu zuen. Geltokien auzoari dolarraren auzoa deitzen zioten. Eguneko 24 orduetan martxan zegoen. Dokumentalerako Usoa Buscarekin hitz egin dugu, besteak beste. Bere birraitona, Juan Bautista Busca, trenbidea egitera etorri zen eta akordeoi diatonikoa ekarri zuen».
Emanaldiak
Hermosak dokumentala egitasmoaren lehen urratsa besterik ez dela aipatu du. «Trikitixa Zumarragan sortu zela uste dugu eta jende askok ez daki hori, ez Euskal Herrian eta ezta Zumarragan bertan ere. Dokumentala zine jaialdietara aurkeztuko dugu eta kontzertuak egingo ditugu herrietan. Zumarragako Trikitixak kalejira egingo du, Garikoitz Mendizabalek eta biok pieza batzuk joko ditugu, dokumentala emango dugu eta, bukatzeko, solasaldia egingo dugu», aurreratu du.
Egungo trikitixa euskal tradizioaren eta kanpotik etorritakoaren arteko nahasketa dela gogoratu du. «Trikitixa emakumeek egiten zuten hasieran: koplak abesten zituzten, panderoaren laguntzarekin. Akordeoi diatonikoa heldu zenean zerbait berria sortu zen».
Zumarragako Trikitixa Elizkalen sortu zela gehitu du. «Eusebio tabernan sortu zen. Eta ni taberna zegoen tokian bizi izan nintzen, 6 urtetik aurrera. Akordeoia jotzea nire patua zen». Bestalde, lehen trikitixa grabazioa Zumarragako Trikitixak egin zuela gogoratu zuen. «Columbia diskoetxea herrialde ezberdinetako musikak grabatzen ari zen eta hona iritsi zirenean Secundino Esnaola Orfeoiko zuzendariarengana jo zuten. Honek Zumarragako Trikitixako Joxe Oriarengana bidali zituen. Lehen euskal folklore diskoa grabatu zuten. Hurrengo urtean Radio San Sebastian sortu zen eta disko hura egunero jartzen zuten. Oria lehen trikitixa izarra izan zen. Hori ez zen baserri batean gertatu, herri batean baizik, bidegurutze batean».
Fusioaren aldeko aldarria egin du. «Ni ere etorkinen semea naiz. Zortzi euskal abizen dituena bezain euskalduna. Orain datozen senegaldarrak etorkizuneko bertsolariak dira. Hemendik pasa direnak integratzen jakin dugulako iraun du euskarak. Zumarragako Trikitixa horren sinbolo da».
Jarraian Urteaga eta bera ikastolan elkarrekin ibili zirela gogoratu du eta Zumarragako Trikitixako kideari hitza eman dio. «Guretzat sekulako ohorea da dokumentalean parte hartzea. 105 urte hauetan Zumarragaren izena munduan zehar eramaten saiatu gara. Eta etorkinak integratzen ere saiatu gara: kalean joz eta abesti batzuk gazteleraz abestuz», esan du.