
Aurten ere, Zumarragako Udaleko Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun sailak eraso matxisten aurkako kanpaina prestatu du Santa Isabel jaietarako. Prebentzioan jarri du fokua. Helburu nagusia eraso sexisten aurkako ezezko borobila ikusaraztea da. Horretarako, beste urte batzuetan egin duten moduan, bideoklip bat egin dute. Aurtengo abestia Zatekeen herriko taldeak sortu du. Abestia eta kanpaina gaur aurkeztu dituzte Antion. Ekitaldian Arantxa Gonzalez zinegotziak eta Zatekeen taldeko kideek parte hartu dute.
Horretaz gain, gaur (osteguna) arratsaldean karpa bat jarriko da. Bertan, materiala banatuko dute. Ekainaren 28ko egunarekin bat eginez (LGTBI harrotasunaren Nazioarteko Eguna), ostadar eskumuturrekoak ere banatuko dituzte. Karpa horren helburua indarkeria mota horri aurre egiteko baliabideak badaudela gogoraraztea da. Dena den, inork baliabide horiek erabili behar ez izatea da helburua eta hori herritar guztien esku dago.
Ostalariek ere egitasmoarekin bat egin dute. Tabernetan jai giroan eraso sexista bat ikusi edo jasoz gero jarraitu beharreko jarraibideak jasotzen dituzten kartelak eta harremanetarako telefonoak banatuko dira. Aldi berean, urtero egiten den moduan, eraso sexisten aurrean erantzuteko protokolo instituzionala berrikusi dute.
Horretaz gain, Zatekeen taldeari abesti bat sortzeko eskatu diote. Zatekeen Maider Amado, Elena Urteaga, Malen Larrañaga, Olaia Castro eta Amaiur Jauregik osatzen dute eta Zer berri? kanta sortu dute. Bertan, herritarrak nahikoa dela esatera, isilik ez egotera eta elkar babestera gonbidatzen dituzte.
Bideoa Gattikenek grabatu du, herriko hainbat tokitan: Secundino Esnaola musika eskolan (Zatekeen bertan sortu zen), Antion eta Zumrragako plazan. Bideoan Irrintziko dantzariek ere parte hartu dute.
Horregatik guztiagatik, Zumarragako Udalak indarkeria sexistarik gabeko jaietan parte hartzera animatzen ditu herritarrak.