
Atzo Zumarragako jaietako xake txapelketa jokatu zen eta ekitaldian Goierri kirol elkarteko xake sailak aste honetan hilda den Julen Albisua omendu zuen. Albisua Goierriren xake saileko arduraduna izan zen eta atzoko txapelketa jokatzeko asmoa zuen.
Txapelketa hasi aurretik egungo arduradunak, Diego Bilbaok, Albisua gogoratu zuen. Horretaz gain, bere argazki bat jarri zuten. “Albisua Goierriren urrezko aroan izan zen saileko arduradun, xake taldea lehen mailan zegoenean. Talde haren alma materra zen eta oso jokalari garrantzitsua. Urte luzetan, bera izan zen Zumarragako txapelketa antolatzailea. Oso jokalari grinatsua zen. Eire tabernako txapelketan eta Alemaniako herriekin anaitutako Euskal Herriko herrien txapelketan ere parte hartzen zuen. Onbera eta eskuzabala zen eta bere heriotzak jota utzi gaitu”.
Txapelketari dagokionez, inoiz baino jokalari gehiagok parte hartu zuten: 37 heldu eta 15 urte azpiko 16. Txapelketa Manex Regillaga elorrioarrak irabazi zuen. Bigarren postuan Aitor Bravo elorrioarra sailkatu zen eta hirugarrenean Markel Kerexeta elgoibartarra. Herriko onena Oier Luki izan zen, bederatzigarren postuan.
15 urte azpikoen artean Ekain Bengoetxea durangarra nagusitu zen. Bigarren postuan Erlantz Sanchez lasartearra sailkatu zen eta hirugarrenean Luken Pascual azkoitiarra.

Manex Regillaga txapelduna.

Oier Luki, herriko onena.
Horra hor Albisua xake sailako arduradun zenean Otamotzen egindako erreportajea.