ELAk kontzentrazioa egin du, "erresidentzietako eta eguneko zentroetako prekarietatearekin amaitzeko"

ELA sindikatuak hiru greba egun gehiago deitu ditu (atzo, gaur eta bihar) erresidentzia eta eguneko zentroetan, “hitzarmen berriaren negoziazioan dagoen blokeoa gainditu eta sektoreko langileen artean zabaldu den prekarietatearekin amaitzeko”.
Gaur kontzentrazioa egin dute Areizaga-Kalebarren plazan. Horra hor ELAren prentsa oharra.
“Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako hitzarmen sektorialaren negoziazioa blokeatuta dago, patronalek ez baitute langileen aldarrikapen bat bera ere kontuan hartu. Sektorean 5.000 bat langilek lan egiten dute Gipuzkoan, ia denak emakumeak. Oria-Goierrin hainbat egoitza eta eguneko zentro daude. %90ean Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen duen zerbitzu publikoa eskaintzen dute, baina lan baldintza prekarioak dituzte. Langileen %40ak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak ditu. Enpresa gehienek, bai pribatuek eta bai irabazi asmorik gabekoak direla diotenek, irabaziak dituzte eta zaintza sistema negozio logika batetik eusten dutelako gertatzen da hori. Zaintza sistema erdigunean jartzea eta zaintzaileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena dira gure eskaerak: %100eko jardunaldiko kontratuak langile guztientzat, soldata arrakalarekin amaitu, 32 orduko lan astea, adinean gora doazenek erretiroa aurreratu ahal izatea, arrisku psikosozialen plan adostuak, zerbitzuak euskalduntzeko baliabideak eta trantsizio ekosozialean aurrerapausoak (jatorduetan bertako produktuak txertatuz, besteak beste)”.
Patronalei eduki horiek guztiak mahai gainean jartzeko eskatu diete eta aldundiari sektoreak bizi duen egoeraren jabe egiteko eta baliabideak jartzeko. “Aukera paregabea da genero arrakalarekin amaitu eta zaintza lanak erdigunean jarriko dituen bestelako eredu bat ezartzeko”. Bukatzeko, langile guztiak grebarekin bat egitera eta mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu.