Geriatriko zaharreko obra 2026an hasiko da eta Forjasen alokairu babestuko 44 etxebizitza egingo dira 2027an

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua Urretxu eta Zumarragara etorri da gaur. Zumarragan, Itxasok eta Mikel Serrano alkateak Forjas fabrika zaharra eraisteko obrak bisitatu dituzte. Bertan alokairuko etxebizitza babestuak eraikiko dira. 44, hain zuzen ere.
Eusko Jaurlaritzak hiru proiektu ditu Zumarragan: Eitzaga Berriko (Antxiña hiribideko) 108 etxebizitzak, Faustino Orbegozo geriatrikoa zegoen tokian egingo dituen 24ak eta Forjasen egingo dituen 44ak.
Geriatriko zaharrean egingo dituztenak errenta txikia dutenentzat izango dira. Soldataren %30 ordainduko dute gehienez alokairuaren truke. Logela bakarreko 20 eta bi logelako lau eraikiko dira, horietako bat mugikortasun urriko pertsonentzat egokitua. Sotoan 24 garaje egingo dira eta beheko solairuan udalaren esku utziko den 475 metroko lokal. Helburua gazteen emantzipazioa ahalbidetzea da. Bost urte biziko dira bertan, gehienez.
Obra datorren urtean hasiko da eta 22 hilabete iraungo du. Aurrekontua ia 5 milioi eurokoa da. Gainera, ingurua urbanizatuko da eta irisgarritasuna hobetuko da (beste 1,2 milioi euro). Udalak lursaila utzi dio jaurlaritzari.
Horretaz gain, jaurlaritzak alokairuko 44 etxebizitza egingo ditu Forjasen. Eraikuntza lana 2027an hasiko da eta aurrekontua 8 milioi euro ingurukoa izango da.
Bukatzeko, jaurlaritzak alokairuko 108 etxebizitza egin ditu Eitzaga Berrin. Giltzak urrian emango dizkiete maizterrei. Aurrekontua ia 15 milioi eurokoa izan da eta ia 5 milioi euro Europar Batasuneko Next Generation funtsetatik lortu dira. Eraikinak Pedro Apaolaza y Asociados eta DG Arquitectura enpresek diseinatu dute eta obra Sukiak egin du.
Zumarragako alkateak eskerrak eman dizkio Itxasori. «Sailburuaren bisita eskertu nahi dut. Zumarragako egitasmo hauek instituzioen artek elkarlanaren erakusle bikainak dira. Helburua etxebizitza beharrari erantzutea eta gazteei Zumarragan bizitzea ahalbidetzea da».
Itxasok Zumarragako egitasmoen garrantzia azpimarratu du. «Eusko Jaurlaritza Zumarragan egiten ari den apustua berebizikoa da».