Oporretatik itzultzen direnean, urretxuarrek Santa Anastasia jaiak zain izango dituzte. Egitaraua prest dago jada. Azalean bi mutiko ageri dira: Jokin eta Iker Pascual Izagirre.

Ondo pasa oporretan… baina diru eta indar pixka bat gorde! Izan ere, oporren ondoren Urretxuko Santa Anastasia jaiak iritsiko dira eta diru eta energia asko behar da jaiei aurre egiteko: poteoak, bazkariak, afariak… eta haurren barrakak! Gainera, aurtengo jaiak oso indartsu datoz. Jai batzordeak egun osoa (eta gauaren zati handi bat) kalean pasatzeko moduko egitaraua antolatu du eta horretarako energia asko behar da: txupinazoa, gastronomia lehiaketa, Zea Maysen eta Gozategiren kontzertuak, karroza desfilea, kuadrillen bazkaria… Hori guztia gutxi balitz, aurtengo jaiak modelo eta guzti datoz: jaietako egitarauko azaleko bi mutikoak.
Egitarauko azala Julen Izagirre Carrillok egin du. Beste behin, berak irabazi du Santa Anastasia jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa. Zazpi lan aurkeztu dira eta epaimahaiak Euskal Jaiaren argia izenburua duena aukeratu du. Aurten, lehenengoz, Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteak antolatzen duen kandela piztea izango da Urretxuko jaietako azaleko protagonista. «Kandela pizteari aitortza egin nahi nion eta nire bi ilobei parte hartzea proposatu nien», azaldu du azalaren egileak.
Jaiak hitzeko I letra kandela gisa erabili du eta bere bi bilobak kandelari begira jarri ditu. Jokin (6 urte) eta Iker (3 urte) Pascual Izagirre bai modelo dotoreak! Baserritarrez jantzita, ez pasareletan ikusten ditugun horiek bezala...
Herri bazkaria
Urretxun festa usaina dago jada. Eta festa gogoa. Egitarauaren azala aurkezteaz gain, Euskal Jaiko herri bazkariko txartelak salgai jarri dituzte. Bazkariak Ederrena pilotalekuan eta Aldiri kiroldegian egingo dira. Pilotalekuan 600 pertsona kabitzen dira eta kiroldegian 700. 1.300 tiketak hilaren 15ean jarri ziren salgai kultur etxean… eta bi ordutan agortu ziren! 260 laguneko itxaron zerrenda dago, gainera. Hori da hori festa gosea!
Egitarauaren azala aurkeztu dute, herri bazkariko txartel guztiak saldu dituzte… eta pregoilaria nor izango den ere iragarri dute. Aurten Goierri Aldapa senior mailako saskibaloi taldeko neskek irakurriko dute Urretxuko Santa Anastasia jaietako pregoia. Goierri Aldapa taldeak Bigarren Liga Nazionalera igotzea lortu du, Gipuzkoako txapelketako finala irabazi ondoren.
Folklore jaialdia
Ia dena prest dago jada. Urretxuarrak lasai joan daitezke oporretara. Itzultzen direnean, Santa Anastasia jaiak zain izango dituzte. Lehen ekitaldia irailaren 13an izango da: Lurra dantza taldearen folklore jaialdia. Biharamunean, toka txapelketa jokatuko da eta adinekoek beraien eguna ospatuko dute.
Ekitaldi nagusiak irailaren 22ra izango dira. Ostiralean, hilaren 22an, txupinazoa, erraldoiak eta musika emanaldiak izango dira (hip-hop kontzertua barne). Larunbateko ekitaldi nagusiak ganadu feria, gastronomia lehiaketa, txistularien alardea eta Zea Maysen kontzertua izango dira. Zea Maysen aurretik Sin Perdon herriko taldeak joko du.
Igandean jaietako egun handia ospatuko dute. Aurten ere karroza desfilea eguerdian izango da. Gauean Gozategi taldeak joko du. Bukatzeko, astelehenean kuadrillen eguna ospatuko dute. Kuadrillek herri kiroletan eta jolasetan parte hartzeko aukera izango dute.