Bihar ospatuko da, eta ohiturari jarraituz, Irrintzi taldeak ezpata-dantza egingo du parrokian 11:00etako meza aurretik, eta gero aurreskua plazan, Antxinako Ama txistularien laguntzarekin.

Abuztuaren 15a da bihar, Andra Mari Jasokundearen eguna, eta Zumarragan, kutsu bereziko data. Ohiturari jarraituz, parrokian ezpata-dantza egingo dute Irrintzi taldeko dantzariek Antxinako Ama txistularien laguntzarekin. Plazan egingo dute dantza ondoren, aurreskua. Normalean, uztailaren 2an Antioko elizan dantzatu zuten dantzariek parte hartzen dute egun honetako dantzetan ere.
Ezpata dantzaren ekitaldia udaletxeko arkupeetan hasiko da. Bertan elkartuko dira txistulariak, dantzariak eta udal agintariak, eta handik abiatuko dira parrokiara. Meza 11:00etan izango da, baina hasi aurretik, ohi bezala, ezpata dantza dantzatuko dute aldarearen aurrean, eta gero, prozesioa egingo dute.
Meza amaitutakoan, dantzariak Euskadi plazara joango dira, eta ohorezko aurreskua dantzatuko dute han 12:15ean.