Abuztuak 15, Andra Mar da gaur, zumarragarren zaindariaren eguna eta ezpata-dantza parrokian eta plazan egiteko eguna. Ohitura bete dute beste behin Irrintziko dantzariek eta Antxinako Ama bandako txistulariek. Plazan, itzalean egin dute dantza.

Egun handia da gaur Zumarragan, herriko zaindaria den Jasokundeko Andra Mariren eguna, eta ohiturak markatzen duen bezala, ezpata-dantza izen bereko parroki-elizan eta plazan dantzatzeko eguna ere bai. Beste urte batez, Irrintzi dantza taldeko dantzariek eta Antxinako Ama txistulari bandako kideek bete dute ohitura.
Abuztuaren 15 honetako ezpata-dantzaren ekitaldia udaletxe azpialdean hasi da, bertan Irrintziko dantzariak, Antxinako Ama txistulariak eta udal agintariak elkartu direnean. Handik, parroki eliza aldera abiatu dira, eta 11:00etako kanpai hotsekin elizara barrura iritsi dira. Meza nagusiaren aurretik dantzatu dute ezpata-dantza dantzariek.
Amaieran, alderantzizko bidea egin dute Euskadi plazaraino, han berriz ere dantzatzeko, baina ez udaletxe aurrean, azoka aurrean baizik. Izan ere, gaurko tenperatura beroek itzalera eramaten dute dantza eta musika ikuskizuna. Ezpata-dantzaren ondoren, aurreskua ere dantzatu dute, eta amaieran, fandangoa eta arin-arina.
Ohi den bezala, Antion uztailaren 2an dantzatu zuren dantzariek parte hartu dute gaurko hitzorduan. Kapitainak Miren Hernandez, Irati Etxeberria, Ane Esnal eta Iñaki Urteaga izan dira, eta sokan Adur Garmendia, Jon Calzada, Elena Urteaga, Malen Larrañaga, Izaro Baztarrika, Saioa Telleria, Itsaso Zurutuza, Intza Larrañaga, Oihane Etxeberria eta Nahia Alustiza joan dira. Aurreskuan, Miren Hernandezek bere amona Marixi Zufiaurreri egin dio dantza, eta Irati Etxeberriak, Ainhoa Altzelai bere amari.
Txistulari taldea, berriz, honela egon da osatuta: Maria Jesus Arratibel (1. txistua), Aitor Zabaleta (1. txistua), Aitor Calvo (1. txistua), Maialen Zubizarreta (2. txistua), Iñaki Aldalur (2. txistua), Mikel Urteaga (2. txistua), Lierni Goia (silbotea) eta Oier Zabaleta (atabala).