
Oasis talde britainiarraren itzulerak sekulako zalaparta sortu du Britainia Handian. 1990eko hamarkadan arrakasta itzela izan zuen talde horrek Urretxun eta Zumarragan ere zaletu asko ditu. Kontzertuetarako sarrerak lortzea oso zaila izan da, baina ostiralean herritik atera gabe gozatu ahal izango dute beraien talde kuttunaz: A Tres Bandas podcast-ak eta Huts tabernak Oasis taldearen inguruko festa antolatu dute. Huts tabernan izango da, 19:00etan. A Tres Bandas podcast-eko arduradunek, Aitor Carrascok eta Iñaki Beruetek, Reunion Tour birako kanta guztiak jarriko dituzte. Ondoren, 1990eko hamarkadako klasikoak jarriko dituzte. Herritarrak 1990eko hamarkadako kamisetak armairutik ateratzera eta soinean eramatera gonbidatu dituzte.
Beruete eta Carrasco musikazale sutsuak dira. Hainbat taldetan jo dute elkarrekin. Musika jotzearekin nahikoa ez eta musikari buruzko podcast bat martxan jarri zuten pandemia garaian: A Tres Bandas. Bertan, beste musikari batzuei eta musika arloko gainontzeko profesionalei elkarrizketak egiten dizkiete.