Isabel taberna Urretxun izan den berezienetakoa da. Irailean 33 urte beteko dira su hartu zuenetik, baina urretxuarrek eta zumarragarrek ez dute ahaztu. 1992ko irailean itxi egin zen eta 2025eko irailean berpiztu egingo da: izan ere, bertan filmatu zen 'Hamaseigarrenean, aidanez' pelikula Zinemaldian emango dute. Emanaldira joaten direnek Isabel taberna nolakoa zen ikusiko dute.

Taberna Isabel Agirrek ireki zuen, Aranguren estankoko Begoña eta Maribelen birramonak, 1916an. Ondoren, Legazpiko senar-emazte batzuk hartu zuten. Ez zuten seme-alabarik izan eta 1958an Zegamatik Urretxura etorritako Jose Migel Ormazabali eta Gregoria Otaegiri pasa zieten taberna. Tabernaren izena dela eta, Gregoriari Isabel deitzen zioten bezero askok. Ormazabalek 06:00etan irekitzen zuten taberna, langile batekin batera, Orbegozo lantegiko ijezketa sailetik ateratzen ziren langileei gosaria emateko. Eguerdirako familiako gainontzeko kideak hasten ziren lanean, bazkariak emateko. Sukaldea ez zen ixten eta afariak ere ematen zituzten. Ezkontzak eta despedidak ere egiten ziren. Ormazabal trikitilaria zen eta taberna girotzen zuen trikitixarekin.
Jose Migelek eta Gregoriak 1972ra arte lan egin zuten Isabelen. Urte batzuk lehenago Golden dantzalekua ireki zuten, lan asko zuten eta taberna Joxe Salegi eta Maria Amutxastegik hartu zuten. Senar-emazte hauek Elgoibarreko San Migel auzoko baserria utzi zuten eta Urretxura etorri ziren zazpi seme-alabetatik seirekin. Tabernaren gainean bizi ziren.
Maria sukaldeaz arduratzen zen (pintxoak, kazolatxoak, bazkariak eta afariak ematen zituzten) eta barran Joxek eta beraien seme-alabetako batzuk lan egiten zuten. Joxe idizale amorratua zen eta arratsaldetan idiak entrenatzen zituen. Tabernako ikurra sarrerako atearen ondoan zegoen idi batean burua zen. Idi haren izena Gorri zen eta Salegik inoiz izandako idi onena izan zen. Ia proba guztietan nagusitu zen. Hala, idia hil zenean, Salegik bere burua disekatzea eta tabernako sarreran jartzea erabaki zuen. Salegi hil zenean, idiaren adar batekin hilobiratu zuten.
Gorri pelikula batean ere azaldu zen! Anjel Lertxundik taberna bat behar zuen Hamaseigarrenean, aidanez pelikularako eta Isabel aukeratu zuten. Izan ere, Fina Salegik (Joxeren eta Mariaren alaba) pelikula horretan lan egin zuen eta bere gurasoen taberna eskaini zuen. Pelikulako hainbat sekuentzia Isabelen filmatu ziren: karta partida, protagonista nagusiaren eta tabernako zerbitzariaren arteko elkarrizketa, pelikulako gertaera nagusia…
Boloniako (Italia) L’Immagine Ritrovata laborategiak 1980ko hamarkadan filmatutako euskarazko lau pelikula zaharberritu dituzte eta horietako bat Hamaseigarrenean, aidanez da. Beste hirurak Ehun metro (Alfonso Ungria, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (Jose Julian Bakedano, 1986 dira). Fina Salegik lehen hiruretan lan egin zuen.
Aipatutako lau pelikula horiek Zinemaldian emango dituzte, Klasikoak atalean. Emanaldietara joaten diren guztiek Isabel taberna nolakoa zen ikusiko dute. Bertan pelikula bat filmatu zuten eta tabernaren inguruko pelikula ere filmatu zitekeen: trikitixa, Golden dantzalekua, idi demak, Orbegozoko eta geltokiko langileak… eta sute bat. 1992an, Urretxuko Santa Anastasia jaietako egun handian, herritar guztiak kalera atera ziren desfilea ikustera. Tabernako sukaldeak su hartu zuen eta berehala sua eraikin guztia hartu zuen. Izan ere, egurrezko egitura zuen. Urretxuarrek balkoietan harrapatuta gelditu ziren bizilagunak erreskatatu zituzten, aldamio baten eta eskaileren laguntzarekin.
Eraikina bota egin behar izan zuten eta Isabel ez zen berrireki, baina Fina Salegik eta bere lankideek egindako lanari esker, mundu guztiak ikus dezake Isabel nolakoa zen. Eta Eusko Jaurlaritzak finantzatutako zaharberritzeari esker, tabernak eta Gorri idiak Zinemaldian parte hartuko dute.

Jose Migel Ormazabal, trikitixa jotzen, Isabel tabernaren aurrean.

Txirrindulariak, Isabel tabernaren aurrean.

Isabel tabernako terraza.

Pedro Larrañaga eta Tere, Joxe eta Fina Salegi, Isabeleko barran.

Fernando eta Tere Salegi, Maria Amutxastegi, Ainhoa Loiola, Egoitz Armaolea, Miren Amutxastegi eta Balentiña Salegi, sukaldean.

Fina eta Tere Salegi, Egoitz Armaolea eta Maria Amutxastegi, Isabeleko sukaldean.

Isabel taberna, ‘Hamaseigarrenean, aidanez’ pelikulan.

Isabel taberna, ‘Hamaseigarrenean, aidanez’ pelikulan.

Fina Salegi (erdian, zinta txuria buruan duela), ‘Hamaseigarrenean, aidanez’ pelikulako lankideekin.

Isabel taberna, ‘Hamaseigarrenean, aidanez’ pelikulan.

Isabel tabernako sutea. Argazkia: Javier Aguado.

Isabel tabernako sutea. Argazkia: Javier Aguado.

Isabel tabernako sutea. Argazkia: Javier Aguado.