Garai batean Antioko baselizak serora eta taberna izan zituen. Antio txukun mantentzeaz arduratzen zen emakumearen etxea 1604an eraiki zen eta 1975ean bota zen. Irailean 50 urte beteko dira. Azken serora Paula Zabalo izan zen eta bere etxean taberna eta jatetxe zerbitzua eskaintzen zuen.

Antioko baselizak ez du beti egungo itxura izan. 1976ko zaharberritze handia egin zen arte, etxe bat izan zuen itsatsita. 1604an eraiki zen eta bertan Antio txukun mantentzeaz arduratzen ziren emakumeak bizi izan ziren: serorak. Azken serora Paula Zabalo izan zen eta bere etxean taberna eta jatetxe zerbitzua ere eskaintzen zuen. Duela 50 urte seroraren etxea uztera behartu zuten.
Toribio Kerejetak ondo ezagutzen du Antioko seroraren etxearen azken urteak nolakoak izan ziren, azken serora bere ama izan baitzen eta bera etxe hartan jaio baitzen. «Ni bertan jaio nintzen, 1957an. Nire ama, Paula Zabalo, hangoa zen. Bere gurasoak Goiburun bizi ziren eta baserria erre zitzaien. Diruz eskas zebiltzan eta nire aitona eta amona etxez-etxe ibili ziren. Azkenean, Antiora joan ziren».
Garai hartako bizimodua egungoaren oso ezberdina zen. «Aita (Manuel) Aratz Errekakoa zen eta Zumarragara etortzen zen lanera, Sagaspe zerrategira. Oinez etortzen zen, Pagotxetatik. Antiotik pasako zen eta hala ezagutuko zuen gure ama… Antion ezkondu ziren eta gu han jaio ginen. Aitak Orbegozon ere lan egin zuen. Orbegozoko lana basokoarekin uztartzen zuen. Basoak enpresan irabazten zuena emango balio, basoan bakarrik lan egingo lukeela esaten zuen. Pagoak trontzatzen lan egiten zuen. Ondoren, pinuarekin hasi ziren. Goizetan fabrikan lan egiten zuen eta arratsaldetan pinuak botatzera joaten zen».
Amak, berriz, Antioko tabernan lan egiten zuen eta baseliza txukun mantentzeaz arduratzen zen. «Taberna txiki bat zen. Garai hartan ez genuen inongo erosotasunik: ura ozta-ozta, argiak ipurtargiarena zirudien… Brasilek Munduko Futbol Txapelketa irabazi zuenean, amak telebista jartzea erabaki zuen. Jende asko elkartzen zen tabernan, Peleren partidak ikustera. Telebista transformadorearekin jarri behar izan zuen, ez baikenuen nahikoa argindarrik. Lasto-alanbre batetik jasotzen genuen argindarra. Elorriaga Goikoa argindarrik gabe ezagutu dut nik».
Bezeroak
Antioko tabernako bezero nagusiak ehiztariak, mendizaleak eta baserritarrak ziren. «Ehiztariek erbiak ehizatzen zituzten eta taberna izkinan eskopeta mordoa izaten ziren». Herrigunean bizi ziren familiak ere joaten ziren, asteburuetan. «Aiatik, Azkoititik… Orbegozon lan egitera etorritako euskaldunak gure tabernara etortzen ziren. Janaria etxetik eramaten zuten eta tabernan edaria eskatzen zuten. Batzuetan afariak ere egiten zituzten. Gure ama oso sukaldari ona zen. Gisatuak, arkumea… egiten zituen. Garai hartan arkumearen zati guztiak jaten ziren. Baita azazkalak ere ia! Barrukiak arrozarekin, pikatxa… Ostegun Santuan auzoko gazteek afaria egiten zuten. 20 bat lagun elkartzen ziren. Gaua luzatzen zitzaienean, goizean baratxuri-zopa eskatzen zioten amari».
Kerejetari ere tabernan lan egitea tokatu zitzaion. «Garai hartan ardoa barriketan heltzen zen eta nire lana botilak garbitzea eta betetzea izaten zen. Baita tabernan laguntzea ere. Egun handia Santa Isabel eguna izaten zen, noski. Agintariek gure etxeko balkoian Espainiako bandera jartzen zuten eta beti egoten zen iskanbilaren bat. Gure ama ez zen udalekoei bazkaria ematen ausartzen eta Mordo Enea jatetxekoek ematen zieten. Otarraina eta guzti jaten zuten. Gure etxea bota aurreko azken urteetan gure amak eman zien bazkaria udalekoei. Lehen urtean zinegotzi batek zorionak eman zizkion».
Jauntxoen bisita
Handik urte batzuetara etxea bota zieten, ordea. «Hori da hango pena handiena. Ez dakit zein zen nire gurasoek udalarekin zuten tratua, baina obra hasi zutenean etxea bota behar zela entzuten zen. Ez dakit nire gurasoak horren jakitun ziren. Gauza bakarra dakit: etxea gainera bota zigutela ia. Han bizi ginela, etxeari teilak kentzen hasi ziren eta aitak gelditu egin zituen. Udako gau batean herriko jauntxo batzuk etxera etorri ziren. Amari aitarekin hitz egin nahi zutela esan zioten eta amak basoko lanetan zebilela erantzun zien. Aita heldu zenean, berarekin hitz egin nahi zutela esan zioten, gazteleraz. Aita berotu egin zen eta euskaraz erantzun zien: Ez duzue lotsarik. Basotik nator eta lehenengo garbitu egin behar dut. Eztabaida gogorra izan zuten eta amak sukaldera bidali gintuen. Gure aitak erdaraz ozta-ozta zekien eta herriko jauntxoek aitari hori egiteak pena handia ematen dit. Zer nahi zuten, aita beldurtu? Gurasoek beste tratu bat merezi zuten. Euskaraz zekien norbait bidali zezaketen. Jauntxoak joan ziren, ordea. Haien semeak eskolan lehen lerroan egoten ziren, guk baino gehiago ikasteko. Hori guztia gogoratzen dudanean, berotu egiten naiz oraindik».