Izen-ematea ostiralean irekiko dute

Ostiralean Urretxuko Santa Anastasia jaietako gastronomia lehiaketan izena emateko epea irekiko dute. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Goierri elkartearen egoitzan eman behar dute izena, irailaren 5etik 10era 18:00etatik aurrera. 40 kuadrillentzako tokia dago.
Urteroko moduan, gastronomia lehiaketa Urretxuko jaietako larunbatean izango da: irailaren 20an, 16:00etatik 20:00etara, Gernikako Arbola plazako karpan. Ondoren, 21:30ean, lehiaketan parte hartuko duten kuadrillek afaria egingo dute Ederrena pilotalekuan.
Aurten, parte hartzaileek txahal masailak prestatu behar dituzte, itsasoko eta lurreko osagaiekin. Plateren aurkezpena 20:00etan izango da. Ondoren, sari banaketa egngo dute. Gastronomia lehiaketa Urretxuko Santa Anastasia jaietako ekitaldi nagusietako bat da eta aurki 50 urte beteko ditu. Aurtengoa 47. edizioa izango da.
Urretxuko Udalak Santa Anastasia jaiekin lotutako beste ohar batzuk ere igorri ditu. Irailaren 14an Adineko Pertsonen Eguna ospatuko dute eta bazkarirako txartelak udaletxeko Gizarte Zerbitzuetako bulegoan jaso behar dira: hilaren 8an, 9an eta 10ean, 09:00etatik 13:00etara. Bezperan, irailaren 13an, Lurra dantza taldeak antolatutako folklore jaialdia egingo dute.