Legazpitik 06:05ean eta 07:05ean, eta 08:15ean Zumarragatik abiatzen diren autobusek «ohiko errefortzu-zerbitzua» izango dute, eta itzultzeko, Donostiako 15:45eko, 18:45eko eta 20:45eko irteerak indartuko dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa departamentuak GO07 linea indartu duela iragarri du. Mikel Serrano Zumarragako alkatearekin elkartuta egon zen atzo Azahara Dominguez diputatua, «eta linea horren erabiltzaile kopuruak gora egin» duela ikusita hartu dute erabakia.
Horrenbestez, 06:05ean eta 07:05ean Legazpitik, eta 08:15ean Zumarragatik abiatzen diren autobusek «ohiko errefortzu-zerbitzua» izango dute, eta itzultzeko, Donostiako 15:45eko, 18:45eko eta 20:45eko irteerak indartuko dituzte. Nabarmendu dute erabilerari buruzko datuetan oinarrituta hartu dutela erabakia.
Linea hori beharrezko
“Oraingoz, erabilera-datuek erakusten dute ordu horiek zerbitzu gehigarri bat behar dutela gaur egun dagoen eskaerari erantzun ahal izateko; hala ere, apirilaren amaieran linea berri hau martxan jarri zenetik egiten ari garen bezala, eguneroko erabilerari buruzko datuak aztertzen jarraituko dugu, premiek hala adierazten diguten neurrian errefortzu gehiago eman ahal izateko”, adierazi du Azahara Dominguezek.
Izan ere, diputatuak gogorarazi du uztailean eta abuztuan ere “beharrezkoa izan den uneetan errefortzu puntualak” izan direla. Adibidez, uztailean eta abuztuan 51 errefortzu jarri dira. Diputatuak eskerrak eman dizkie herritarrei linea berri honen aurrean izan duten “erantzun bikainagatik”, izan ere, “arrakasta handia izan du”. “Herritarren erantzunak erakusten digu linea hori oso beharrezkoa zela. Orain, malguak eta bizkorrak izaten jarraitu behar dugu dauden benetako beharrak asetzeko orduan”, adierazi du diputatuak, eta gaineratu du bere departamentuak “zerbitzua indartzeko konpromisoa duela, beharrezkoa den guztietan, nahi duten pertsona guztiek autobusera sartzeko aukera izan dezaten”.
Mikel Serrano alkateak, bestalde, honako hau adierazi du: “Datuek agerian uzten dute, beste behin ere, linea hau oso beharrezkoa zela inguruko herritarrentzat, eta eskerrak ematen dizkiogu Azahara Dominguez buru duen departamentuari linea martxan jartzeko egin duen apustuagatik eta linea egunetik egunera sortzen ari diren beharretara egokitzen joateko duen arintasunagatik”.