
Tartean antzerki konpainiak Ai, gure juaneteak! lana antzeztuko du ostiral honetan, etzi, 20:15ean, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Lan honetan Mikel Laboaren zenbait kanten hitzen berrinterpretazioa egiten dute.
Ai, gure juaneteak! ikuskari eszeniko hibridoa da: hitzak eta musika uztartzen ditu. Agertokira aktore-musikari bat (Patxo Telleria) eta bi musikari aktore (Adrian Garcia de los Ojos eta Maider Lopez) igoko dira. Hitzaren eremua Telleriarena da, baina bera ere musikari bihurtzen da tarteka. Musikaren eremua musikariena da, baina beraiek ere ikuskizunaren parte dira eta, horrenbestez, aktoreak.
Testua Laboaren zenbait kanten hitzen berrinterpretazio erabatekoa da, Telleriaren egungo ikuspuntutik: Hegazti errariak, Izarren hautsa, Bedeinkatua, Negu hurbila, Lili bat, Oi Pello Pello, Haika mutil, Baga biga higa, Ihes betea…
Hamarkadak pasa dira kanta horiek konposatu zirenetik eta ez dute galdu orduko indarra eta zirrara. «Gure ondare emozionalaren ezinbesteko zatia direlako izan dut kantok berregituratzeko, berkodifikatzeko, ausardia. Gureak direlako. Nireak direlako», dio Telleriak.
Telleriak, Lopezek eta Garcia de los Ojosek jatorrizko bertsioaren zati laburrak kantatuko dituzte tarteka, baina batez ere kanta bakoitzaren ikuspuntu berriak eskainiko dituzte. Hitzaren eta musikaren ikuspuntu berriak.
Antzerki saio hau Urretxu eta Zumarragako udalek antolatu dute eta sarrerak Zelai Ariztiko leihatilan izango dira salgai.