Urteurrena larunbatean ospatuko dute eta autobus zerbitzua egongo da Agiñara joan nahi dutenentzat

Agiña auzoko Oleta elkarteak 50. urteurrena ospatuko du larunbatean. Eguraldi ona iragarri dute eta festa jendetsua espero da. Pilotalekuan egingo duten bazkarian 250 lagun elkartuko dira. Autobus zerbitzua egongo da Agiñara joateko.
Festa 11:00etan hasiko da. Bazkideei harrera egingo diete eta agin bat landatuko dute. 12:00etan Sebastian Lizasok eta Andoni Egañak bertso saioa egingo dute. Lizasok eta Egañak primeran ezagutzen dute Agiña, urte askotan San Martin jaietako bertsolari ofizialak izan baitira. Herri kirol saioa ere izango da, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi aizkolarien eskutik.
Ondoren, poteoa egingo dute. Poteoa Miren eta Agur auzoko trikitilariek alaituko dute. Arratsaldean, 18:00etan, elkarteari buruzko dokumentala emango dute. 20:00etan Oilar Beltzak taldeak kontzertua egingo du.
Agiñara joan nahi dutenek autobus zerbitzua izango dute. Autobusa Elizkaletik aterako da, 10:30ean, 12:00etan, 14:00etan, 17:30ean eta 19:30ean. Agiñara heltzean herrira itzuli nahi dutenak jasoko ditu. Agiñatik herrigunera abiatuko den azken autobusa 23:00etan izango da.
Oleta elkartea auzoko eskola zegoen tokian dago. Auzoan ez zegoen elkartzeko tokirik eta auzoko eskolako umeak Zelai Arizti ikastetxera bideratu zituztenean, bizilagunak Azkoitiko udaletxera joan ziren eskola beraiei uzteko eskatzera. Diktadura garaia zen eta eragozpenak jarri zizkieten, baina azkenean lortu zuten. Eraikina auzolanean txukundu zuten. Inaugurazioa 1975eko abuztuan izan zen. Hasieratik emakumezkoen eta gizonezkoen elkartea izan zen. Gipuzkoan, Gabiriakoak eta Agiñakoak izan ziren lehenak.
50 urte hauetan makina bat ekitaldi antolatu dute: festak, trikitixa txapelketak… Agiñan Kepa Junkerak, Tapia eta Leturiak eta Errobik jo dute, besteak beste.