
Larunbatean Antioko Musikaldiaren 42. edizioa hasiko da. Urteroko moduan, bost kontzertu egingo dituzte: lau Antion eta bosgarrena Ezkioko Igartubeiti baserrian. Antiokoak 19:30ean hasiko dira eta Ezkiokoa 18:00etan. Autobus zerbitzua izango da, doan. Antiora 19:00etan abiatuko da Elizkaletik eta Igartubeitira 17:30ean, toki beretik. Lehen kontzertua Eñaut Elorrietak egingo du.
Elorrieta Ateosteko bira egiten ari da. Fantasia diskoa aurkezteko bira amaituta eta hurrengo lan luzea ondu bitartean, bira «txiki eta berezi» hau egiten ari da. Antzokietatik irten eta eliza eta ermitetan jotzen ari da, batik bat: harrizko hormak, egurrezko eserlekuak (Antion sabaia eta korua ere egurrezkoak dira) eta ahots lurtar bat: kantua kultuzko keinu gisa. Elizaren oihartzunaren aurka tematu beharrean, pareten erantzunarekin jolastuko du. Harriari ahotsa ateraz, beste garai batzuetako kantuen memoria aktibatuko du.
Soinu eta argi ekipo soil eta zainduarekin, ahots eta gitarra hutsez, bere ibilbide osoko kantak eskainiko ditu. Kontzertu zuzen eta biluzia izango da, herri kantuaren eta esperimentazioaren artekoa, eta ahotsaren aukerak arakatuko ditu.
Antolatzaileek ikusle asko espero dute. Hori dela eta, 18:30ean baseliza hustu egingo dute eta 19:00etan irekiko dituzte ateak.
Irailaren 13an Euskadi Brass taldeak bere X. urteurreneko kontzertua egingo du: Soinuaren bidaia. Euskadi Brass egitasmoak, Alberto Urretxoren zuzendaritzapean, metalezko haize instrumentuen inguruko komunitate sendo bat sortzea lortu du. Horretarako, formakuntza eta transmisioa ezinbestekoak izan dira. Zumarragan, beste behin, gure musika hezkuntzaren eta euskal kulturaren aldeko konpromisoa erakutsiko dute.
Irailaren 20an Cuarteto Iberiak joko du. Laukote hori bi biolin-jotzailek, biola-jotzaile batek eta biolontxelo-jotzaile batek osatzen dute. Taldea Madrilen (Espainia) sortu zen, 2018an. Hasieratik hari laukoteen tradizioari eutsi diote eta genero horretako maisulanei ikuspegi berria eskaini diete.
Bi lehiaketa irabazi dituzte: Anton Garcia Abril ganbera musika lehiaketa Granadan (Espainia) eta Kataluniako Josep Mirabent y Magrans ganbera musika lehiaketa. Gainera, bigarren saria eskuratu dute Kantabrian (Espainia) eta Alemanian.
Elena Sancho sopranoa
Zumarragako azken kontzertua Elena Sancho sopranoak eta Teodora Oprisor pianistak egingo dute irailaren 27an. Sanchok Donostian hasi zituen musika ikasketak eta ondoren Madrilgo Goi Mailako Kantu Errege Eskolan ikasi zuen. Europako hiri garrantzitsuenetan abestu du. Madrilen, Bartzelonan, Londresen eta Parisen, besteak beste.
Azken kontzertua Sagel taldeak egingo du, urriaren 4an, Ezkioko Igartubeiti baserrian. Sagelek Itsaso bat eskuartean ikuskizuna eskainiko du. Ura metafora gisa hartuta, Sakabi, Gelatxo eta Elgeta trikitilarien figurak eta euren ibilbidea gogoratu eta gorestea du helburu ikuskizun honek, euren kantu eta piezetatik abiatuta eta gaurko musika moldeetara ekarrita.
Iñaki Letamendia atabalaria, Andoitz Antzizar trikitilaria eta Izaro Markotegi abeslaria Villabonako Oinkari dantza taldeko kideekin batera arituko dira.
Historia
Antioko Musikaldia Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri zuen abian 1984an, Debakoarekin batera, Donostiako Hamabostaldia herrialdera zabaltzeko. 41 edizio hauetan punta-puntako abeslari eta musikariak izan dira Antion. Ainhoa Arteta eta Ara Malikian, esaterako.
Aurtengo edizioa atzo aurkeztu zuten, Goizane Alvarez Kultura diputatuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak. Serranok Musikaldiak udazkenari ongietorria ematen diola eta urtero Euskal Herri guztiko musikazaleak erakartzen dituela aipatu zuen. Alvarezek eskerrak eman zizkien urte hauetan guztietan Musikaldia bizirik mantentzeko lan egin duten guztiei. «Kalitatezko kultura herritarrei gerturatzeko apustua da. Baseliza bete egiten da, kalitatezko kulturak herritarren erantzun ona jasotzen batu beti. Gainera, gure memoria eta gure nortasuna aldarrikatzeko eta pentsamendua eta gizarte aurrerakoia eta feminista lantzeko aukera ematen du».