
Igandean Gipuzkoako Artzain Eguna ospatuko dute Legazpin. Arratsaldean, 17:30ean, artzain txakur txapelketa egingo dute Urtatzako zelaian. Aurten urretxuar batek parte hartuko du: Mikel Calderonek.
Calderonen ama baserritarra da eta umetatik du txakurrekin harremana. Hala, bere bikotearekin (Ane Garmendia) bizitzen jarri zenean, txakur bat ekartzea erabaki zuen. Gorbeiako euskal artzain txakurra, hain zuzen ere. «Sodupetik (Bizkaia) ekarri genuen. Jose Ramon Garcia artzainarena zen».
Artzain txakurrak oso kementsuak dira. «Ez genekien txakurra lasaitzeko zer egin eta Jose Ramoni Whatsapp bat bidali nion. Goiko Txakur izeneko artzain eskola du eta bertara joatea proposatu zigun. Igandetan bertara joaten hasi ginen, duela hiru urte. Oso gustura gabiltza eta, hala, txapelketetan parte hartzea erabaki nuen. Aurten eman dut pausoa. Orain arte Sodupen eta Hernialden aritu gara. Sodupekoa oraindik lehiatu gabeko txakurren txapelketa da eta ondo aritu ginen. Hernialdekoa erakustaldia izan zen eta gaizki aritu ginen. Legazpikoak ilusio handia egiten digu. Oso urduri nago».
Ez du ardirik
Calderonek eta Suak meritu handia dute, ez baitute ardirik. «Oraindik oso berde nago. Hau hobbya da niretzat. Ez dut ardirik eta hori eragozpen handia da. Aimar Francok, Gatikako lagun batek, ardiak ditu eta noizean behin hara joaten gara. Oñatira ere joaten gara, Jose Mari Bengoarengana. Nire asmoa datorren urtean amaren baserrian (Tolosako Betarbide) hamar bat ardi jartzea da, nahi dudan guztietan ibili ahal izateko».
Urretxuarra zerotik hasi da, gainera. «Ez nekien ezer artzain txakurrez eta ardiez. Aginduak berandu ematen ditudala esaten didate. Askotan, agindua ematen dudanerako txakurrak egin behar ez duena egiten du. Ibiliaz hobetuko du. Mundu hau asko gustatzen zait. Artzainak harrituta gelditzen dira ardirik ez dudala esaten diedanean. Igandean ardirik ez duen artzain bakarra izango naiz. Besteek baino meritu handiago dut, baina ikusleek ez dakite hori. Dena den, burugogorra naiz. Hernialdeko saioa oso gaizki atera zen eta bi aukera nituen: uztea edo jarraitzea. Ordu gehiago sartzea erabaki nuen. Gainera, jende gaztea behar da. Igandean, parte hartzaileen artean gazteena izango naiz».