Udalak Basagastitik Etxaburura doan zatia berritu du

Gipuzkoako Foru Aldundiak herrigunea eta Santa Barbara lotzen dituen errepidea konponduko du irailaren 10etik 24ra bitartean. Iaz errepide horretan egokitzapen lanak egin ziren, baina ondoren hainbat puntutan ur isuriak azaldu dira. Oraingo esku hartzearekin, eremu horiek konponduko dira drainatze sistemak instalatuz, bide segurtasuna indartzeko eta Santa Barbarara sarbide hobea bermatzeko.
Lanek irauten duten bitartean, printzipioz, zirkulaziorako erreietako bat zabalik mantenduko da. Hala ere, une jakin batzuetan —batez ere drainatze-hodiak jartzerakoan— trafikoa aldi baterako moztu beharko da. Mozketa horiek irailaren 15ean eta 16an egitea aurreikusten da, nahiz eta lanen bilakaeraren araberakoak izango diren.
Obra hauek amaitutakoan, Gipuzkoako Foru Aldundiak errepidearen titulartasuna eta jabetza Urretxuko Udalari lagako dizkio, eta hemendik aurrera udalak bere gain hartuko du haren kudeaketa eta mantentzea.
Erabiltzaileei gomendatzen zaie zuhurtzia handitzea eta behin-behineko seinaleztapenari adi jarraitzea.
Bestalde, udalak hainbat errepide hobetu ditu 2025ean zehar. 200.000 euroko inbertsioa egin du. Martxoan Iparragirre kalea eta probalekuko aparkalekua asfaltatu zituen eta udan Basagastitik Etxaburura doan errepide zatia konpondu zuen. Gainera, hiru aparkaleku berri egokitu zituen Santa Barbarako igoeran.