Igandean Belokiko festa ospatuko da

Belokiko gurutzeko kanpaia Zumarragako sinboloetako bat da dagoeneko. Mendizale gehienek kanpaia jotzen dute Belokira iritsi bezain laister. Azkenaldian ez da erraza, ordea. Irailean bi aldiz hautsi dute katea dagoeneko. Irailaren hasieran erditik eta aste honetan erabat. Egungo kanpaia Julio del Vallek egin zuen duela zortzi bat urte eta bera arduratzen da kanpaiaren mantenuaz. “Mutil talde bat da katea hausten ari dena. Igandean Belokiko gurutzearen festa da eta ordurako kanpaia konpondu nahi dut. Gurutzearen gainean haize-orratz bat jartzeko asmoa ere badut. Bi mendizaleren irudia du”, azaldu du.
Esan bezala, igandean Belokiko gurutzearen festa ospatuko da. 11:00etan erromeria egingo dute trikitilariekin eta 11:30ean aurten Zumarragan hil direnen aldeko meza. Ondoren, erromeria eta hamaiketakoa egingo dituzte.