Jon Plazaola: "Aitatasuna nire zoriontasun handienen arrazoia da eta baita nire drama handienen arrazoia ere"
Aitatasunari buruzko bakarrizketa egingo du datorren ostegunean Urretxun

Jon Plazaolak Aa aita bakarrizketaren aurrestreinaldia egingo du datorren ostegunean, 19:00etan, Urretxuko Labeaga aretoan. Aitatasunari buruzko bakarrizketa da eta harrera bikaina izan du: sarrera guztiak berehala saldu ziren.
Plazaola aita izan zen duela bi urte, baina aitatasun senik ez zuela onartu du. «Ez nuen aitatasun senik. Natalia haurdun zegoela jakin genuen arte, inoiz ez zen une ona gurasoak izateko. Betiko aitzakiak: ez da une ona, nola ekarriko dugu ume bat mundu honetara?… Halako batean une ona zela pentsatu genuen eta 2023ko maiatzaren 2an Teo etorri zen. Jada bi urte ditu».
Bakarrizketan, Plazaolak bi urteotako gertaerak kontatuko ditu. «Haurdunaldia sekulako bidaia izan zen. Niretzat sekulakoa izan bazen, pentsa amarentzat: sekulakoa ber bi. Dena banatzen saiatzen gara, baina ama ama da. Aitatasunaz gozatzen ari naiz. Nire zoriontasun handienen arrazoia da eta baita nire drama handienen arrazoia ere. Errusiar mendi batean bizi gara. Egunero zein gauza polita egin dugun pentsatzen dugu, baina baita zer demontre egin dugu ere».
Aitatasuna bakarrizketa bat egiteko oso gai aproposa dela dio. «Umorea eta komedia bizitzako eguneroko gorabeheretan oinarritzen dira. Eta oraintxe bertan materiala ematen didana Teo da. Ederrena bera nola hazten den ikustea da, horren lekuko izatea. Izugarria da. Nolakoa izango da mundua bere begietatik?, zer pentsatuko ote du? Zer sentituko ote du?, pentsatzen dut askotan. Gogorrena inpotentzia da. Batzuetan ez dakigu oso ondo zer den benetan nahi duena. Bera zoriontsu egiten saiatzen gara, baina beti ez dakigu asmatzen ari garen».
Plazaolak Espainian asko lan egin du, baina bikotea haurdun gelditu zenetik etxetik gertu lan egiten saiatzen da. «Horretarako sortu nuen Tu, tum, platz! bakarrizketa eta oraingoarekin ere etxetik gertu lan egingo dut. Euskaraz da eta Euskal Herriko mugen barruan egingo ditut emanaldiak. Eskaintzaren bati ezezkoa eman behar izan diot, ez bainago hilabete luzez etxetik kanpo lan egiteko prest. Lehen balantzan jartzen ez nituen zenbait gauza balantzan jarri behar ditut, lan hori denoi komeni zaigun ikusteko. Orain denongan pentsatu beharra dut».
Hiriburuetan
Bakarrizketa berriaren aurrestreinaldia herrian egingo du. «Aa aita bakarrizketak aitatasuna aitzakitzat hartzen du beste gauza guztietaz hitz egiteko. Ordu eta laurden inguruko iraupena du. Herrian aritzeak ilusio berezia egiten dit beti eta ziur saio berezia izango dela. Hurrengo emanaldiak Donostiako Lugaritzen, Bilboko Campos Eliseosen, Gasteizko Jimmy Jazzen eta Iruñeko Antzerki Eskolan izango dira. Estreinaldia Donostian izango da, azaroaren 7an».
Labeaga aretoko saioa Urretxu eta Zumarragako udalek antolatu dute. Aroz Aro euskarazko programazioko udazkeneko lehen ekitaldia da. Egitaraua asteazkenean aurkeztu zuten Labeaga aretoan. Alex Gonzalez Urretxuko zinegotziak, Josu Idigoras Zumarragako zinegotziak, Marijo Etxeberria udal euskaltegiko transmisio gaien koordinatzaileak, Beatriz Perez Bi-Tartean merkatari elkarteko kideak, Maite Agirre Taupa mugimenduko kideak eta Aitor Agiriano Goiena Hedabideakeko ordezkariak parte hartu zuten.
Etxeberriak udal euskaltegiaren eskaintzaren berri eman zuen. Herritarrak ikastaroetan eta mintzalagun egitasmoan parte hartzera animatu zituen. Familiek transmisioan duten garrantziaren jakitun, aurten ere udalek Euskararen Kriseilua ekimena antolatu dute LH1eko familientzat: kriseilua etxez aldatu ahala, euskararen garra piztuta izateko ardura partekatuko da. Horretaz gain, azaroaren 29an eta 30ean LH2tik LH6ra arteko ikasleek Kantari karaokean parte hartuko dute.
Argazkilaritza eta testu laburrak lotuko dituen lehiaketa ere antolatu dute. Oinarriak urriaren 20an argitaratuko dira bi udalen webguneetan. Urriaren 15ean Zumarragako udal artxiboa ezagutzeko aukera izango da. Eta urriaren amaieran Gau Beltzaren inguruko saioak izango dira: 29an Josu Ozaita antropologoak Gau Beltzaren berri emango du eta 30ean mozorro tailerra egingo dute.
Markez eta Elorrieta
Azaroaren 29an mintzodromoa egingo dute Zelai Arizti kultur etxean eta abenduaren 3an Euskararen Kriseiluko azken ekitaldia Labeaga aretoan. Abenduaren 4an Mikel Markez eta Eñaut Elorrietak Baga, biga, higa ikuskizuna eskainiko dute: DBH4ko ikasleek euskarazko musikaren historia ezagutuko dute beraien eskutik. Bukatzeko, merkatariekin elkarlanean street-scape bat antolatu dute haur eta nerabeentzat. Abenduan izango da. Haur eta nerabeek ezkutuko pistak aurkitu beharko dituzte saltokietan, banatuko zaien pasaportea osatu eta sariak eskuratzeko.