Urretxuko EH Bildu, "Gainzuri inguruko etxebizitzen proiektuak bizi duen geldialdi egoeragatik" kezkatuta

Urretxuko EH Bilduk Gainzuri inguruko etxebizitzen proiektua geldirik dagoela salatu du. Horra hor komunikabideetara bidali duen oharra:
“Gainzuri-Komentua deituriko etxebizitzen promozioa impasse egoera batean dago gaur egun. Proiektua martxan jarri zela ia bost urte igaro dira, eta tarte honetan guztian hartu diren erabaki ezberdinek (tartean bertan eraikitzekoak diren etxeek solairu bana gehiago izateak) atzerapenak bata bestearen atzetik ekarri dituzte. Zehazki, gaur gaurkoz, prozedura administratiboa stand-by egoeran dago, behin-betiko onarpena noiz emango zain.
Gogora ekarri behar da etxebitzen promozioa eta goiko auzoek eta hezkuntza publikoarekin lotutako eraikinek hain beharrezkoak dituzten irisgarritasun azpiegiturak proiektu bakarrera ekartzea izan zela EAJren udal gobernuaren apustua, bi egitasmoak elkar hipotekatuz. EH Bildutik, ordea, hasieratik defendatu dugu irisgarritasun azpiegitura horiek modu independentean egitearen aukera.
Izan ere, azpimarratzekoa da bost urretxuarretik bat goiko auzoetan bizi dela (Labeaga kaletik gorako kotetan daudenetan, hain zuzen ere), eta irisgarritasun arazo nabarmenak dituztela. Udalak zor historikoa du herritar horiekin guztiekin, eta horri erantzun bat ematen hasteko helburuarekin, gogora ekarri behar dugu EH Bilduren udal gobernuak Auzobusa zerbitzua jarri zuela martxan 2013an.
Halaber, etxebizitza politika ikuspuntutik, kontuan izan behar dugu hainbat herritarrek beren bizitza proiektuak garatzeko apustua eta inbertsio handiak egin dituztela promozio horretan, eta herritar horiei ezin zaie denbora gehiagoz itxaronarazi.
Edozein kasutan, Urretxuko EH Bilduk bere prestutasuna adierazi nahi du blokeo egoera honi amaiera eman eta Mundo Mejor, Basagasti, Sorginzulo eta Lilibasoko auzotarrek hain beharrezkoak dituzten azpiegiturak izan ditzaten”.