
Urretxuko Santa Anastasia jaietako larunbatean, hilaren 20an, sokamuturra egingo dute Elizaldeko plazatxoan. Gaur arratsaldean ekitaldi horren aurkako kontzentrazioa egin dute. Sokamuturraren aurkako kontzentrazioa sortu berri den Animaliak Aske taldeak deitu du. Antolatzaileek testu bat irakurri dute. Horra hor testua:
“Sokamuturra jartzea elkarlanean hartutako erabakia da… Zeinen arteko elkarlana? Noiz baieztatu du animaliak bertan egotea? Nola jasotzen da honen onespena? Gezurra dirudi 2025. urtean sokamuturra Urretxuko jaietara bueltatzea. Ez da onargarria XXI. mendeko gizarte batean oraindik ere animalien tratu txarrean oinarritutako ekintzak ospatzea, tradizioaren aitzakian. Ekintza hauek ez datoz bat gaur egungo sentsibilitate sozial eta etikoarekin. Animaliak askeak direla kontatuko digute; zainduak, maitatuak, ez jakintasunetik ari garela… Baina hauek ba al dakite zer den zaintza? maitatzea eta errespetatzea ez da lepotik hartuta soka batekin plaza batera bultzatzea. Errespetuz jokatzea ez da makil batekin kolpatzea. Ez esan haientzat jolasa dela, estresa eta beldurra ez direlako jolas inorrentzat. Utzi tratu txarrak justifikatzeari. Sokamuturrak ez du inongo balio hezigarririk, gero eta herritar gehiago dira halako
jardueren aurrean higuina eta amorrua sumatzen dutenak. Udalaren ardura da, halako jarduerak babesteak edo baimentzeak, ondorio sozial eta politikoak izan ditzakeela ulertzea.
Horregatik, elkarretaratze honen bidez eskatzen dugu:
– Sokamuturra ez sartzea aurtengo festetan ez hurrengoetan.
– Herritarren mobilizazioa: datozen ekintzara batuz eta sinadura jasoketaren bidez.
– Gai honen inguruan gardentasunez eta herritarren parte hartzearekin jardutea.
Hitz egin ezin duten horiek pentsa baina hobeto ulertzen dira. Dirua eta dibertsioa ez dago animalien eskubideen gainetik. Garaiak aldatu dira, ez zezenketei! Ez sokamuturrari! Ez tratu txarrei!”.